Bi zinegotzirekin ezinezkoa ematen du 27 kideko Udalbatza gobernatzeak. Estrategarik zailduenak ere gorriak ikusiko lituzke horretarako behar liratekeen konplizitateak eta aliantzak ehuntzeko. Dudatzekoa da herritarrek onartuko luketen ere. Hala izanagatik, aitortzen dut grazia eginen lidakeela Koldo Martínez Geroa Baiko hautagaia Iruñeko alkate bilakatzeak. Ez dut erran nahi hala gertatuko dela uste dudanik, ezta halako gaitzik desiratzen diodanik ere. Bertzerik gabe, modu ez ohikoa irudituko litzaidake, pixka bat zitala, pixka bat irudimentsua, beto gurutzatuen politikak sortu duen kaka-nahasteari irteera nola-halakoa emateko. Helburua alkatetza Ibarrola UPNkoaren eskutan ez uztea bada, bederen. Azken batez, Martínezen aldeko propagandak halaxe aldarrikatzen zuen, “Koldo alkate”. Haren koalizioak Nafarroako lehendakaritzarako aurkezten zuen hautagaiarenak, berriz, Uxue Barkos “presidenta” egin nahi zuen. Bitxia, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko edizioak -bada halakorik, benetan- ehunka aldiz deitu baitzion “lehendakari” kazetari ohiari 2015etik 2019ra bitartean. Nolanahi ere, Koldo Martínezek Iruñeko alkatetza eskuratzeko aukera infinitesimalen bat du oraindik, Uxue Barkosek duela zortzi urteko lehendakaritza berritzeko ez bezala. Maiatzaren 28ko hauteskundeek Geroa Bai kaltetu dute bereziki. 2019ko emaitzen aldean, 16.000 boto gutiago jaso ditu, eta %4ko beherakada. Horren ondorioz 2 parlamentari hegaldatu zaizkio, eta indar euskaltzaleen artean 2015az geroztik Parlamentuan zuen nagusitasun sinbolikoa ere galdu du EH-Bilduren mesedetan. Ez da erabateko hondamendia. Duela 8 urte Nafarroara aldaketa ekarri zuen koalizioak oraindik badu ahalmena bere arrastoa uzten segitzeko herrialdeko politikan. Behin berriz bozketen atarian egotea ez da atakarik hoberena zer egin den gaizki edo zer ez den egin hausnartzeko. Gogoeta ez dezala sobera geroratu, ordea.