Fikzio politikozko telesailak maite ditut, ospe handiko telesail bikainak (Borgen, House of Cards) zein, adikzioek hori dute, txarrak edo erdipurdikoak. Fikzioa errealitatea baino interesgarriagoa da askotan, errealitatea fikzioa baino nekagarriagoa, eta agian horregatik Sumar-Podemos ingurukoari jarraitzea ahalegin itzela da niretzat: egun batzuetan adi segitzen dut ateratzen den guztia, baina beste egun batzuetan betekada moduko bat sentitu, utzikerian erori eta dena abandonatu egiten dut, beraz, interesa berriro itzultzen zaidanean, kapituluren bat galdu dudala iruditzen zait, eta ez dut deus ere ulertzen. Ez dakit norbaitek izango duen noizbait Sumar-Podemosekoaren gainean telesaila egiteko tentaldia, gertatzen ari denari buruzko fikzioa, noski, ez dokumentala; hobeto ulertuko nuke oraingoa. Pablo Iglesias bera izan daiteke gidoigilea, telesailak atsegin dituela ematen du, edo beharbada egokiago izango litzateke gidoigile talde bat: podemitak, masmadridistak, sumarianoak, berde kolorearen ñabardura guztietakoak eta abar, oraingoan bai, luze hori. Gidoia egitea berez odisea bat izango litzateke, abandonu eta betoz beterik.

Telesailaren kapitulu multzo bat Irene Monterori eskaini beharko litzaioke. Ez nekien Montero gustuko ez duen hainbeste jende zegoenik, eta ez naiz eskuineko jendeaz ari, ezkerreko jendeaz, edo bere burua ezkerreko duen jendeaz baizik; harritu nau gorroto edo ezinikusi horrek, eta batzuen azalpenak entzun edo irakurri baditut ere, ez ditut arrazoibideak oraindik ondo harrapatu (azkarra eta feminista izatea akatsa al da?). Ez dakit nola bukatuko duen betoaren kontu horrek, zerrendetatik botako duten azkenik edo Bizkaikoan sartuko duten (Bizkaikoan, benetan?), baina kaltea egina dago.

Argi dudan gauza bakarra da Sumar-Podemosekoak ikusleak, hau da, boto-emaileak galtzen dituela egunetik egunera, eta ez dakit Yolanda Díazen irribarreak ikusten ari garen guztia estali ahal izango duen. Badirudi batzuek dena galdutzat eman eta hurrengo telesailean dutela itxaropena. Inozoak.