Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Suedia

SuediaLuis Millan | EFE

Herrialde kuriosoa da Suedia. Azken egunotan albiste izan da ordenagailuak eta begiak itsatsita izaten gaituzten pantailak eskolatik kanpo utziko dituelako, eta berriz testu-liburuen erabilpena bultzatuko duelako. Abiada bizian zegoen geletako digitalizazio-plana are bizkorrago bilakatu beharrean, geldiarazi du, ordenagailuek eta pantailek eskoletako ikasgeletan duten zereginak kezka sortu baitu. Ulf Kristerssonen gobernu kontserbadoreko Hezkuntza ministro Lotta Edholmek aipatu zuen kezka hori esanez, gazte akritikoak sortzen dituela digitalizazio-estrategia horrek, eta liburuok edozein ordenagailuk baino abantaila gehiago badutela. Arrazoirik ez zaio falta, ezta? Liburuetan muturreko jakinduria dago, eta gaur egungo pantailetan esnobismo, fribolitatea eta estrabagantzia baino ez (jakinduria aparta ere bai). Bertako gobernuak diru kantitate ederra erabiliko du geletan liburuak berriz sartzeko eta beren erabilpena sustatzeko, argi baitu pantailen bidezko ikasketak ez direla onuragarriak neska-mutikoen burmuinarentzat. Bere hitzetan, analfabeto funtzionalak sortzen ari dira bertan, irakurketari eta idazketari ez baitzaie behar duten denbora ematen. Aipatzen da ikasle suediarrek ez dutela inoiz ezer ere eskuz idazten. Harrigarria!

Bai, Suedia herrialde kuriosoa da. XVII. mendean potentzia militar handia eta munduko arma-ekoizle handienetako bat izan arren, ez du gatazketan parte hartu ia bi mendetan zehar, bi mundu-gerrak barne. Baina orain, Ukrainako Gerraren testuinguruan herri horrek bere estrategia militarra ere aldatu du, eta nahitaezko soldadutza berrezartzeko ahaleginetan daude, eta euren prebisioetan, 2030. urterako 10.000 soldadu gehiago sortu nahi dituzte. Baina horretaz gain, soldadutza zibila bultzatu nahi du, Suediak gerra batean parte hartzen badu defentsa zibilak bere zeregina izan dezan.

Azken kuriositatea: Suediak ditu McDonald’s jatetxe gehien Europan, eta bigarrena munduan, Estatu Batuen atzetik. Suediarrei gehiegi gustatzen zaizkie hanburgesak.