Da langileen jefea eta agian tabernaren nagusia ere, gizon txikia, ile oso beltza, guztiz kizkurra, grazi handikoa, berritsua, beti txantxetan, oihuka hitz egiten duten horietakoa. Ia ia garrasika. Aspalditxo koltxoi saltzaile izan omen zen, baina susmoa daukat bere beste txantxa bat ez ote den. Bere garaian TVn azaltzen zen Konstantino aurkezlearen itxura eta ahotsa omen dut errepikatzen dit behin eta berriro. F dugu hirugarrena, terrazarik gabe ez litzateke ia ezer izango. R nagusia, emakumea eta irakurle amorratua, antzeko gustuak ditugu zer eta noiz irakurtzeko orduan. Hizketan iaioa, gaztea, kultua, ahots polita eta indartsua, jenio bizia duelakoan nago. A enparantza handi batean dago kokatua, umeentzat parke egokia, ume eta aitona-amonentzat. A-k terraza oso handia dauka, umeak jolasten, gurasoak zerbait hartzen. Ez naiz inoiz barruan egon, beti terrazan, ez dut atsegin E nagusia, gizona zerbitzari handi eta gizena, bezeroekin beti koipekeri merketan aritzen dena, hitz jario txatxua. Betidanik mesfidantza sortu izan didana, nahiz eta, egia esan, inoiz motiborik ez eman. B da bestea, gorriz kanpoko aldetik margotua, Donostia osoan leudekeen klasikoenetan klasikoena izan daitekeelakoan nago, terraza polita, barrualde erakargarria eta trasteleku edo almazen gisa antolatutako beheko solairuan oso zabalean komunak. Mota askotako gilda bikainak antolatzen dituzte. A nagusia, neska gazte, jatorra, euskaldun berri saiatua, gaztedia nagusi bezeroen artean, A-ren aita laguna daukat oso aspalditik. I dugu azkena, estima handitan dut. Nafarrak, Iruinarrikoak, ama eta seme-alabak eramaten dute eguneroko lana, famili langilea. P da ama, Nafarroako amabirjina baten izen klasikoa Lizarra ingurukoa hain zuzen. Ama jubilatzear, nekatuta omen hainbeste lan egin ondoren eta ahotsa jaitsiaz, etsituta, aipatu zidan pena eta tristuraz seme-alabek ez omen dute jarraitzeko asmorik. Lehen letrak. Izenak. Izanak. Direnak. Tabernak. Pertsonak.