Azken asteotako euri ugariei esker, bazterrak eder ikusten dira Erripagañatik, hau da, Argak bere ezkerraldean zizelkatutako erriparen gainaldetik, Burlatako lurretan. Azpian, errekaz bertzaldean, erdaraz Nogalera erraten zaion ingurua dago, agiri zaharretan Itxaustia ageri dena eta, XX. mendearen hasierako batean, berriz, Intxaurrieta. Lehenago, hain zuzen, muino edo mendixka horrexeri erraten zitzaion Erripagaña, ura Argara isurtzen duten bi erreka txipik zedarritua: bata, Altzutzateko erreka da eta, bertzea, Errekaldea izenekoa. Gaur egun, ordea, mende hasmentak ekarritako hirigintza-garapen berri guztiari erraten zaio Erripagaña, hiriburuko alkate berriak beretu nahiko lukeena. Goitik behera aldatu da inguru zabal hori hogei urtean eta, galsoro, alor eta euntzeen ordez, etxeak hazi dira nonahi, betiko nekazaritza etxaldeak ere desagerrarazita, haien artean Kaiku etxea. Duela 30 urte baino gehiago pausatu zuen Nafarroako Gobernuak begirada zelai haietan, Mendillorri berria eraikitzen ari zenean, eraikuntza arloko hainbat enpresak eskaturik, eta mende berriarekin batera garatu da udalen gainetik, antolamendu handirik gabe bistan denez, lau udal dermiotan sarturik, eta zerbitzu eta ekipamendurik batere gabe. Arlo hori hobetzen saiatuko dira lau alkateak elkarrekin. Iruñekoak, gainera, hiriburuko auzo bihurtu nahi du Erripagaña guztia. Baina hori bertze kontu bat da. Bertako jendeak zer pentsatzen duen jakin beharko litzateke, haiei hitza eman. Ni, behintzat, Burlatari edo Uharteri dagokion aldeko bizilaguna izatera, erne nengoke eta kezkatua ere bai. Izan ere, Iruñeko Udala aldatzen ez den bitartean, ez litzaidake inola ere erakargarria eginen hiriburuko biztanle bilakatzea, jakinik gobernatzeko moldea itxia eta alderdikoia dela eta, euskararekiko sentiberatasuna, hutsaren hurrengoa.