Egunotan klima larrialdiak hartu du berriz presentzia berezia udako tenperaturek, munduko hainbat tokitan, beste koxka batean egin baitute gora, anormaltasun osoz. Beroaldiak gero eta pisuagoak dira, gero eta bero bolumen nekagarriago bat dakarte, sapa handiagokoak, ia pairaezinak.

Hori, hemen bizi dugu, mendietako edota basoetako freskura eskuragarri dugun tokiak erraz bilatu ahal ditugula. Baina zer gertatzen ari da munduko beste bazter askotan?

Informazioen arabera Txinan, Indian edota Europako hainbat tokitan, aurten, muturreko tenperaturak hartuko dira, eta alarmak ohikoak izango zaizkigu. Eguraldi-kontuetan adituak direnek laster tenperatura errekor berriak erregistratuko dituztela diote. Murrizketak ezarriko dira hainbat eskualdetan, ura elementu preziatutzat hartuko da eta hori ezin izango da alferrik galdu. Espainia aldean, hegoaldean, horrelako bero-bolada bortitzak jasaten ari dira egunotan, eta berotasun goriak alarma gorriak piztu ditu.

Planetak kalentura dezente hartu du, eta horrek kezka larria piztu beharko luke munduko agintarien artean. Ekonomiarekiko obsesioaz ahaztu eta gure natura lehenetsi beharko lukete. Tenperaturen goraldi horrek lur azalean ez ezik, ozeanoetan ere somatu da, eta ekosistema horiek aldatzen hasi dira gure erruz.

Albiste batean irakurri dut: itsasoaren kolorea ere aldatzen hasi da. Orain, berdeago omen da. Igelak bainu lasaian dabiltzan urmaeletako kolorea hartuko al du? Tropikoetako paisaia paradisiakoetako urdin turkesa hori betiko galduko ote da? Globalizazioak dena berdindu du, eta orain, gure jarduera katastrofikoak koloreak ere berdinduko ote ditu?

Bitartean, hedabideetako zarata politiko-mediatikoak horrelako gai garrantzitsuak albo batean uzten ditu inolako erreparorik gabe, eta hala, politiko groteskoak telebistetan agertzen dira sofistikaziorik gabeko gezur zikinak esaten, klimaren krisialdia ukatzen duen ultraeskuinari jaramon eginez, eta eskua emanez, planeta eta gure etorkizuna babesteko estrategia politiko berririk azaldu gabe. Politika krisialdi larrian ere badago!!