Ezin da ukatu hauteskundeetako gaua bitxia izan zela kontu askorengatik. Batez ere, albisteak jasotzeko arintasunari erreparatu genion. Ehunekoak, minutuz minutu aldatzen ziren, eta tanpez, alderdi batek pole position hori eskuratzen zuen beste handiaren kaltetan. Demokrazia zaharra duda-mudatan balego bezala, sitsak jandako eskumako protagonistak sutan ziren hasieran, eta progresuaren aldeko ameslariak infernuan, eta pixka bat geroago, kontrako haizeak jotzen zuen guztiontzat.

Gainera, EITBko pantailetan agertzen ziren azpititulu sasi-argigarri haiek oso traketsak ziren, inolako informazio zehatza eman ez, eta guztiz nahasgarriak gertatu ziren. Halakoetan kate-saltoka ibiltzea da onena, informazioa bestelako iturrietatik osatzeko, eta ikuspuntu ezberdinak ere eskuratu ahal izateko. Baina kate batean agertzen ziren primizia estonagarriak, ez ziren beste inon agertzen, eta orduan hantxe lotzen ginen gu, zalantzaz beterik, gezurra ote zen entzuten ari ginena.

Azken orduetan argitu zen dena, eta artega batean jakin ahal izan genuen Espainiako eskumak boto gehiago irabazi zituela. Une berean kalkuluak egiten hasi, eta orduan beste albiste on bat zabaldu zen. Hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarrak makina bat boto eta ordezkari galdu zituela. Gure lurraldean aulkiren bat lortu al du alderdi sasi-politiko horrek? Poztekoa da jakitea hutsaren hurrengoa dela Euskal Herrian.

Azkenik deigarria eta nekagarria iruditu zitzaidan zenbaketaren osteko agertze alaitsu orokorra. Betiko legez denak ateratzen dira plazara irabazle, irribarretsu, jasotako botoen beroak hauspotuta, beren proiektu politiko sendoa behar bezalako gobernua osatzeko giltzarria dela esanez. Boto galera nabaria izan arren, berdin da, indarrak ez dira flakatu.

PPk, amerikar festa itxura zuen konfetiz beteriko agerraldian, Espainiako gobernagarritasuna aldarrikatu zuen boto kopururik handiena lortu zuelako. Alderdi faxistaren babesa izan arren ez du gehiengo absolutua erdietsi, eta orain, alderdi hori larri-larri erregutzen ari da limosna zoko guztietan. Baina zorionez, ez du lortuko.