Iraganaren trajediak gaurkotasuna hartzen du lantzean behin. Makina bat urte pasa diren arren justiziak bere zeregina eta borroka lantzen ditu isilpean. Uste dut sinbolismoz beteriko ekimenak gertatzen ari direla egunotan, batez ere endekaturiko justiziari dagokionean.

Egunotan agertu da albistea, non eta Txile herrian. Gazte ginelarik bere kantak lardaskatzen genituenok poztu gara hein batean, Victor Jara musikari entzutetsua hiltzeagatik hainbat militar kondenatu baititu Txileko justiziak. Estatu kolpearen 50. urteurrena betetzear dagoela jakin da urte hauetan guztietan militarrak bere kaxa ibili direla aske, beren erruduntasunari jaramonik egin gabe. Baina gaiztakeriak gerizpe luzekoak diren arren, argitasunak deuseztatzeko gaitasun itzela izaten du beti. Kasu honetan bezala, zazpi militar erretiratuek jasoko dute, beren bizitzaren azken urteetan, 25 urteko kartzela zigorra. Laurogei urte inguruko edadea izango duten hiltzaile horien izenak oso deigarriak iruditu zaizkit: Nelson Haase Mazzei, Raul Jofre Gonzalez, Edwin Dimter Bianchi, Littre Quiroga, Ernesto Bethke Wulf, Hernan Chacon Soto, eta batez ere azkenarena, Juan Jara Quintana. Kantariaren abizen berekoa zen haren bizitzarekin akabatzea onartu zuena.

Militar horiei bizitza osoan gorde duten bekatu handiaren atea zabaldu zaie tanpez, eta hortik atera da laborriz beteriko testigantza beltza. Hain izan da ikaragarria ezen horietariko batek, Hernan Chacon Sotok, bere buruaz beste egin duen. Ezin izan du bere zigorra pairatu, bizitza osoa kondea bat izan den arren.

Victor Jara garai hartako askatasunaren ikonoa zen, herriari eta herriarentzat kantatzen baitzuen. Militante komunista zen eta bere gitarrarekin protesta kantuak egin zituen, beti ere Santiagoko auzo periferikoen pobreziatik sortzen zirenak. Horrexegatik Pinocheten diktaduraren borreroak Jararekin tematu ziren muturreko ankerkeria-erakustaldia eginez. 3.200 hildako eta desagertu, eta 30.000 torturatu eta milaka erbesteratu utzi zituen diktadura nazkagarri hark.