Oporraldiari hasiera bikaina emateko asmoz lagun baten gonbitea onartu nuen. Bera, ni bezala, mendizalea da, eta bere amua Atlas mendikateari bisita bat egitea izan zen, hango menditzarra igotzeko helburuarekin: Toubkal. Abuztua zen arren, eta hiri haietako tenperatura gogaikarriak kenduta, goiko haranetako giroa ederra izan zen. Epeletik jotzen zuen egunero eta gorago joan ahala paisaiek eta mendietako eguratsak bat egin zuten, eguneroko martxa goxo bihurtu arte. Egun haietan goiznabarra ikusi ahal izan genuen 4000 metrotik, Afrikako eguzkiaren irteerak inguru miresgarri guztia urre kolorez blaitu zuen arte.

Bertako jende jator eta abegikorrarekin ere asko disfrutatu genuen, beren gastronomia eta jatorduekin, beren eskuzabaltasunarekin, mugarik gabeko beren irribarreekin.

Bidaia hori duela aste batzuk izan zen, eta orain, Richter eskalako 6,9 graduko lurrikara batek guk ikusitako lurralde hartako herrixkak eta etxeak erabat suntsiturik laga dituela pentsatzeak min ematen du, eta are gehiago, bertako 2.000 lagun baino gehiago hil direla jakiteak.

Nirekin joan zen laguna beste bidaia baten gidari lanak egiten ari zen egunotan, bertan, eta berak kontatu dizkit ikusi dituen eszena lazgarriak. Jendea trumilka eraikinetatik ospa egiten, bata bestearen gainetik, etxe zaharrak (garai batean adobezko hormak egiten ziren) okertzen eta erortzen ziren bitartean. Zorionez denak onik atera ziren, bai eta gure lagun marokoarrak ere.

Baina orain egoera erabat kaotikoa da. Inguruko herrietan agituriko lurtek makina bat pertsona harrapatu dituzte azpian, eta ia bideak oro deseginda daude. Hori asko zailtzen ari da erreskate posibleetan aritzeko bertaratu diren larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu guztien lana. Orain beldurrez jota, kaleetan egiten dute lo. Triskantza handia izan da eta etxe asko ez da bizileku segururik. Bizilekua galtzea gauza terriblea da.

Batean lurrikarak eta bestean uholdeak. Libanon ere gertatu dena deskribaezina da. Naturaren deskrontrolaren errudunik ote dago? Bai, ezta?