Gure egutegian egun seinalatuak izaten ditugu beti, fetxa gogoangarriak. Maila agian pertsonalean eta pribatuan gordetzen ditugun horiez gain hainbat entitatek sustatzen dituzten egunak ere baditugu. Eta gero, mundu mailan gai garrantzitsuen aldeko egunak ere baditugu, beharrezkotzat jotzen ditugunak.

Nazioarteko komunitatearen barruan aldarrikatzen diren Nazioarteko Egunetan gai katramilatsu eta interesgarriekin lotutako sentsibilizazio kanpainak antolatzen dira, eta batzuk ezinbestekoak dira, hala nola giza eskubideei buruzkoak, bakearen aldekoak, garapen iraunkorraren ingurukoak...

Ospakizun horiek beti gomutarazten digute kezka larriak izaten ditugula inguruan, planetan, gizartean, geopolitikan... Baina beste balio bat ere izaten dute, herritarrek arazo horiek hobeto ezagutu ahal dituzte, eta problema horiek desagerrarazteko gobernuek hartu beharreko neurriak bidean jar ditzaten une aproposak izaten dira.

Egun interesgarri horietariko bi izan ditugu duela gutxi. Urriaren 18an, Natura babesteko munduko eguna izan zen, eta aste honetan, 24an, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguna.

Natura babesteko munduko egunak gizateria osoak naturaren biziraupenerako duen betebeharraz ohartu nahi du. Gaur egun naturaren baliabideak xahutu egiten ditugu inolako urrikalpenik gabe, dena soberan balego bezala, eta ingurumenaren eta biosferaren kutsaduraren erruz ondorioak hasiak gara sufritzen. Daramagun bideak, biztanleriaren hazkunde geldigabeak eta naturaren bizitzarekiko interesik ezak gure suizidioa ekarriko dute.

Horrek guztiak ere klimaren aldaketa harrigarria ekarriko du deskarbonizazioarekin hasten ez bagara. Kapitalismoa agresiboenaren nahikeriak eta horrek sorturiko berotegi-efektuko gasen emisioek gure planeta zauritu dute ia modu atzeraezinean. Hortaz, gobernu eta enpresez gain, pertsona orok inplikatu behar dugu mundu jasangarriago bat lortzeko. Gogoan hartu, azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Nazioarteko Elkartasun Eguna dela. Baina ez dugu itxaron behar, elkartasuna egunero erakutsi ahal da.