Akordio soziopolitiko berri bat eskatu zen Bilbon, larunbatean, oldarraldiaren aurrean egindako manisfestazio erraldoian. 70.000 mila lagun baino gehiagok babestu zituzten hizkuntza eskubideak eta hizkuntza eskubide horiek bermatzeko eraiki diren hizkuntza politikak, auzitegiek erasotu dituztenak.

Komunikabideek taigabe errepikatu zuten egunak eta orduak aurretik, manifestaldiaren nondik norakoa, Bilbora joatearen garrantzia, han bat egitearen beharra. Eta han joan ginen, beste hainbatetan bezala, gurea dena gurea dela aldarrikatzera. Euskalgintzaren Kontseilua sortu eta 40 urte ondoren ere, behin berriro, gurea dena gurea dela errepikatzera.

Egon da ahotsik, esan duenik, Bilbotik bueltatu ostean betikora bueltatuko garela. Nor bere egitekoetara. Eta “hemen ez da ezer gertatu” bezala jarraituko dugula, batzuen mespretxua eta besteen oldarraldiak jasotzen, txikiari beti, handiaren hortzen edo buztankaden erasoa jasotzea ( baina ahal den neurrian ekiditea) dagokiolako. Egon da bai ahotsik, gogoratu duenik, duela 40 urteko gizartea eta gaurkoa ez dela bera eta oldarraldiei aurrera egiteko konpromiso handiagoa erakutsi behar dela. Beste pauso bat eman. Beste jauzi bat irudikatu…

Egia da ez garela atzokoak. Baina ez gaitezen engainatu. Ez gara ezta biharkoak ere. Gaur gaurkoak gara. Eta gaur egiten duguna da, bakarrik, balekoa. Eta gaurkoan, ederra da larunbateko argazkia erretinara ekartzea. Euskaltzaleon bilkura erraldoia. Euskaraz bizi nahi dugula oihukatuz eta euskarak batzen gaituela erakutsiz.

Ez. Ez dut uste, gaur, Bilboko manifestaldiaren aurretik bezala gaudenik.

Ez. Ez dut uste “hemen ez da ezer gertatu” esanez aurrera egingo dugunik.

Eta ez. Ez dut uste euskara biziberritzeko politikek orain arteko bide beretik jarraituko dutenik.

Ederra izan da kaleetan barrena euskaraz bizi nahi dugula esatea. Ederra herritarren gehiengo zabalaren babesa sentitzea. Eta horregatik beragatik, ezin dugu atzo arte bezala jarraitu. Jadanik, ez baikara atzokoak.