Gerra ondoko lehen dantza emanaldietako bat egin eta biharamunean, Zapateria karrikako Arriba España egunkariak kolore uztarketa jakin batez ohartarazi nahi izan zuen, hura arrunt arriskutsua izan zitekeelakoan, hots, Oberenako dantzarien arropa zuri-gorria eta Euskal Jaiko hormen berdea. Berripaper falangistak zazpi urte zeramatzan Zapaterian, noiztik eta Izurdiaga apez urdinak, pistolatzar bat eskuan, La Voz de Navarra egunkari jeltzaleko zuzendariaren bulegoan zakarki sartu eta Jose Agerre eskaileretan beheiti arrastaka eraman zuenetik. Ez zitzaion jaramonik egin egunkariari. Izan ere, hamarkada bukatu baino lehen, 1949ko azaroaren 29an, lehendabizikoz atera zen Udaletxetik udal dantza talde sortu berria. Handik bi urtera, ikuskizun eder-ederra eman zuten, Patxi Arrarasek zuzendua. Hura ballet lan handi bat izan zen, gerra aitzinetik Saski Naskik eta ondotik Oldarrak ondu ohi zituztenen tankerakoa. Udal dantzariez gain, Santa Cecilia orkestra (Javier Bello Porturen zuzendaritzapean), Iruñeko Orfeoiko abeslari talde bat eta udal txistulariak aritu ziren. Doinuak garaiko musikagile ospetsuek konposatu zituzten, hala nola Guridik, Fernando Remacha tuterarrak, Aita Donostiak, Javier Bello Portuk eta Hilario Olazaranek. Gidoia Jose Maria Iribarren tuterarrari enkargatu zitzaion. Paperezko dekoratuak, berriz, Pedro Lozano de Sotesen eta Rafael Bartolozziren eskuek ondu zituzten. Dekoratuak urte sail luzean egon ziren galdurik, harik eta udal biltegi ilun batean agertu ziren arte. Ikuskizunak arrakasta alimalea izan zuen Gayarren eta, ondotik, 21 aldiz eman zuten Euskal Herri osoan barna. Hura mugarri izan zen. Horregatik, ikurrinaren aferaren ondorioz Udalak taldea desegin zuzenean, ez da harritzekoa ikuskizunaren izenburua aukeratu izana dantzariek berregindako taldea bataiatzeko, Duguna.
- Multimedia
- Servicios
- Participación