Txantreako artzainaren ardiak bazkan dira Ezkabako magaletan, Atarrabiako dermioan, hau da, orain Ezkaba txiki erraten zaion inguruan, iazko irailean suak kiskalitako bazterretatik hurbil-hurbil. Azienda larratzen aritzeak on egiten dio mendiari, ardiek dena sasiz garbitzen dutelako. Duela zenbait aste iritsi ziren lepoz lepo, Urritzelkitik abiaturik. Laster itzuliko dira, oinez ere, bidez bide Arriasgoitiko herri txipi hartaraino. Egia errateko, Arriasgoitiko herri guztiak arrunt txikiak dira (Zalba, Zuntzarren, Zaldaitz…), jende gutxikoak, eta aunitz hutsik daude; franko, sasiek eta huntzek goitik behera janda, eskualde osoan bezala. Arriasgoiti ibarra bera desagertu zen, Lizoainibarrek xurgatuta. Azken urteotan, Arriasgoiti izena berreskuratu dute, garai bateko izanaren oroigarri. Izana galdurik edo galzorian egonik, laster izena baizik ez da geldituko bizirik Pirinioaurre deritzon eskualdeko bazter aunitzetan, hau da, Pardixerrian, eta, are, baita Pirinioetako ibarretan ere. Biztanleria amildurik; haurrik ez; garai bateko alor eta soroak, oihanduak; behar bezalako zerbitzurik ez; etxe zahar aunitz hutsik baina bat bera ere ez dago salgai eta errentan; eta dena da traba eta oztopo nekazaritzan edo azienda gobernatzen hasi nahi duten gazteendako, Foru Gobernuak bertzela agindu arren. Pirinioa biziberritzeko asmo onek ez dute fruiturik ekarri. Maiz, herria bera gobernatzeko gogorik ez da izaten eta nekez osatzen dira udal hautagaitzak edo, oraingoan bezala, azken unean osatu dira joan den igandeko udal bozetarako, plataforma arraro batek (escaños en blanco) kanpoko jendearekin aurkeztutako hautagaitzei aurre egiteko. Gutxi fida halako jende zuriaz; izan ere, sistemaren kontrako ekimenak direlakoan, bertzelako jendea ibiltzen da maiz atzean, aurrerazale ezkertiar inozoen liluragarri.