Olentzero etorri zen egunean, animaliak ospakizunetan erabiltzearen aurkako afixak agertu ziren Estafetan erdaraz, hori esklabotza delakoan. 28an, berriz, zentsura mozioaren kontrako pankarta handiak Burguen plazan, Madrilgo Ferraz karrikako protestetan nabarmendu den eskuin muturreko frente obrero mugimenduak paraturik. Egun berean, Ibarrolaren aldeko berrogei lagun inguru elkartu ziren sutsu baino sutsuago oihuka karrika Berrian, kolera gorria zeriela, poliziak plazan sartzeko bidea eragotzirik. Tartean, kontseilari eskuindar ohiak. Oihuak arras zakartu zirenean, ordea, kontseilari ohi gehienek ospa egin zuten. Plazan eta inguruetan bildutako jende gehiena pozez gainezka. Alkate berria plazara atera, jendea agurtu eta atzera itzuli zen udaletxera, gauzak antolatzen hasteko. Berriro karrikara atera zenean, ilunabarra zen, eta ehunka argazki egin behar izan zituen harat-honat zebilen jendearekin, kalez jantzitako udaltzain bizkartzainaren gerizpean, zer gerta ere.

Hitz batez, bozkario hutsa. Izan ere, nafar sozialistek, azkenean, bertzela jokatu dute, sei hilabete geroago bada ere, edo lau urte geroago edo auskalo zenbat urte geroago. Horra sozialistek eta ezker abertzale eraberrituak gidaturiko gehiengo aurrerazalearen irudia, irudi goraipatua, hemengo hedabide aunitzek laudatua, hemengo kazetari, iritzi-emaile, zutabegile frankok goretsia. Horregatik ez da komeni nafar sozialista “ausart” eta “bipilei” enbarazurik egitea, eskuindarren aldetik halako zafraldi gaitza hartzen ari diren honetan. Horren ondorioz, inork ez die euskarari buruzko galderarik egiten, ez Chiviteri, ez Santos Cerdani, ez Alzorrizi, ez inori, ezta Iruñearekin mugakide den Orkoiengo ordenantzari buruz ere. Ez da komeni. Bada, euskarari dagokionez, noiz jokatuko dute nafar sozialistek bertzela? Noiz arte itxaron beharko dugu?