Horra hiriburuko auzo berria, hiriaren hegoaldeko mugalde lauso hartan eraikizun, gehien gehiena Galar zendeakoak izandako lurretan, Kordobillan, hain zuzen. Donapea hitza Dona Pia euskal izenetik dator, eta, hasieran, santa horri eskainitako elizari edo ermitari erraten omen zitzaion horrela, egungo Donapea institutua dagoen muinoan kokatua, Elortz errekak zizelkatutako erripa txiki baten bidez zedarritua, toponimian bere arrastoa utzitakoa (Erripeta). Erripa horren azpian dagoen alderdia Zizur Txikian dago eta Elizpea erraten zitzaion, hain zuzen ere. Goldeak, tarteka, bidexka hondatu badu ere, oraino bada oinez ibiltzerik erripa gaineko bazter urrun eta ezezagun horietan.

Bada, Jimeno Juriok idatzitakoaren arabera, XVII. mendearen erditsutik aitzina, hau da, iruindar ia guztiak euskaraz mintzo zirenean, euskaldunak Donapea erraten hasi ziren, bigarren elementu hori –pea zelakoan (Arrotxapea gisa). Inguru hartan ere, Donapeagaña toki-izena dago, hiriburua “gainez” josia baitago. Dermio zabal horren barnean, gainera, Zizur Txiki aldekoa, Aizagerria (haizearen eraginpeko lekua) eta bertze toki-izen batzuk daude; hurbil-hurbil, berriz, Otsandazubia, Sadar errekaren gainean, eta Mendizalbo, auzo berriak Kordobillan hartuko duen gainaren iparraldean kokatua.

Oraindik ere eusten diote mugarri zaharrek denboraren joanari eta, han ere, Probintzietako abelbidearen tarte bat, alorrez inguraturik, galsoroak gehienbat, den-dena bizpahiru urte barru egunetik arrats aldatzen hasi arte. Barcinaren garaiko asmoa da, hasmentan etxebizitza sozialik gabea. Orain, itxura berriturik heldu da, erdiak etxebizitza babestuak izanen baitira eta, diotenez, berdegune edo parke handi bat izanen du inguruz inguru, lur guztiak hiriburuak bereturik, Erripagañako txandrio izugarria berriro ez gertatzeko.