Udaberri honetan entzunen dira, maiatz hasmentan, San Frantzisko eskoletako jostalekuan, bertako maistra Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren omenez, Zaldiko Maldiko elkarteko jendearen eskutik. Maria kanpaiaren soinupean sortu zen 1898an, Dormitalerian. Aitzindaria zinez, Maria Montessori pedagogo italiarrari jarraikiz irakasbidea berritu zuelako, gaztetan euskaldundu zelako, bere euskalduntasuna harat-honat aldarrikatu zuelako, Eusko Ikaskuntzak eta “Euskeraren Adiskideak” elkarteak antolatutako ekimen oro bultzatu zituelako, Iruñeko lehen ikastola sortu zuelako; emakumeen eskubideen alde tinko aritu zelako, feminismoaren ikuspegia abertzaletasunean txertatu zuelako -bai Emakume Abertzale Batza erakundean, bai EAJn-, emakumeari politikan aritzeko bideak ireki zizkiolako, Errepublika garaian alderdi horretako mitinlari bikaina izan zelako eta, behin altxamendua gertaturik, Bilbora jo eta Agirre lehendakariaren gobernuak Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordekide izendatu zuelako… Juliaren ibilian, irizkide andana ageri dira: Catalina Alastuey maistra abertzalea Merkatarien karrikan, Maria Viscarret irakasle euskaltzalea Zapaterian, Jose eta Anastasio Agerre idazleak Dormitalerian, Alexander Tapia Perurena olerkaria Nabarreriako plazan, eta etsai andana ere bai; konparaziora, 36ko uztailaren 18aren ondorioz, Julia zigortu eta 21 urterako lanetik bota zuten agintariak, edota Pablo Gurpide elizgizon otsagabiar euskalduna, Julia 1951n eskumikatu nahi izan zuena, gure maistra fededun zintzoa izanik, frankismoaren aurka agertu zelako. Hala ere, aitzina egin zuen gerra ondoko urte latz haietan, hiriburuko familia euskaltzaleek babesturik. Bada, hain urrun ez dauden gertakari horiek oro emanen dira XX. mendearen hasierako belaunaldi iruindar euskaltzalearen gorazarretan.