Laster burutzen hasiko dira Noain aldeko garagarrak, koltza-soro horiminen artean. Non eta, euskara galtzearen ondorioz, edo hobeki erran, euskara behin-behinekoz edo aldi baterako galtzearen ondorioz, erdal toponimo ezagun batzuk euskal toki-izenei nagusitu zitzaizkien bazterretan. Campanas izeneko lekua, konparaziora, Arrizabalaga baitzen. Carrascal, berriz, Artederreta (arte-eder-eta) eta, horri loturik, egungo Muruarte de Reta herriari Muru-Artederreta erraten zitzaion. Komeni da noizbehinka Jimeno Jurioren artikulu jakingarriak irakurtzea, horretaz oroitzea, bai eta hura guztia oroitaraztea ere. Gauza jakina da Muru izeneko lekuak historiaurreko herrixka baskoiak direla, gain batean kokatuak, aunitz dira eta horietako bat, hain zuzen ere, Muru-Artederretako mendixka batean dago, Murugain, trenbide berria egiteko zundaketek hein ttipi batean azalera atera dutena; harresi tarte bat, zehazki. Uste izatekoa da agintariek ingurua aztertzeko eta errespetatzeko erabakia hartuko dutela, arkeologiari lotutako kontu oro bolada betean dagoen honetan. Larri ibili. Bitartean, Iruñerria iparraldeko mendi-kasko eder bat izan da txio-gai egunotan, Arriaundi, euskara zaharraren aztarna bat agertu omen delako, erromatarren garaikoa, K.o. II. mende ingurukoa. Jainkosa-izen bat da, aldare-harri batean zizelkatua, Nafarroan lehenago bertze hiru tokitan agertutakoa, hots, Iruxon (Gesalatz), Errezun (Deierri) eta Muruzabal Andionen. Orain, beraz, Estellerritik kanpo azaldu da, iparralderago, Iruñetik hurbilxko. Iduri du, oraingoz, txio-herrian soilik dabilela kontua, bai eta gero eta aho-mihi gehiagotan ere. Behin gaia plazaraturik, ez dago horren hedapena galaraziko duen amaren semerik. Horrenbertzez, indusketa horren arduradunen azalpenen esperoan gelditu behar. Betoz laster, sobera berandutu gabe.