Síguenos en redes sociales:

Memoria eta hizkuntza

Las 3.700 víctimas del fascismo en Navarra tienen nombreIñaki Porto

31

Aitzinapauso aunitz eman dira memoriaren arloan, 1936ko uztailaren 18tik aitzina gertatutakoak oroitarazteko, ahanzturatik erauzteko, frankistek egindako zapalkuntza gure oroimenetik ez zokoratzeko eta biktimak aitortu eta aintzat hartzeko. Badira legeak, arauak, erakunde ofizialak, memoria-lekuak, memoria-egunak eta herritarren ekimenak, eta halaber, bada horren guztiaren kontrako mugimendua, eskuindarren agindupeko gobernuek bultzaturik. Arlo horren barnean, ordea, hizkuntzak ez du lekurik batere, den mendrena ere. Erran nahi baita, ofizialki ez da ja ere egin euskaldunek euskara jakite hutsagatik pairatutako zapalkuntza gogora ekartzeko edota altxatuek XX. mendearen lehen hereneko pizkundea nola eragotzi zuten oroitarazteko. Memoria-lekua izan liteke, konparaziora, Karlos III.aren etorbideko 21a edo, gutxienez, plaka bat jar liteke egungo eraikinean, jende orok jakin dezan hantxe ireki zela Nafarroako lehen euskal eskola edo ikastola 1931n, ehun ikasle baino gehiago izan zituela eta 36an itxiarazi zutela, Elizondon eta Lizarran gertatu bezala. Eta plaka bat ere, oroitarazteko nola brastakoan kendu zitzaizkien haurrei beren euskal izenak, Miren eta Aingeru izenekoak Maria eta Angel bilakatzeraino. Alabaina, euskaldunen aurkako oldarraldia ez zen Frankismoarekin hasi, erro sakonak ditu, eta bidea urratzen hasi beharko litzateke XIX. mendean Nafarroan gertatutakoa ofizialki aintzat hartzeko eta eraztun beldurgarria hatzean jarrita eraman zuten haurren sufrimendua aitortzeko. Garesen, adibidez, euskara haurren artean galarazteko agindua eman zitzaion herriko maisu nagusiari 1823an, umeek euskara karrikan eta, are, eskolan ere, erabiltzen zutelako. Bada, haur garestarrek eta bertze aunitzek merezi dute beraien gaineko oroitzapena, eta merezi ere aitortza, berrehun urte joanagatik ere.