Politikaren inguruko gaiek harrapatzen gaituzte eguneroko zirimolan. Alderdi espainolisten ahunztegiak, Kataluniako egoera, faxisten ahoko hatsa eta beren arrazakeria eta xenofobia kontrolaezinak, Madrildik datorren espektakulu groteskoa...

Bitartean, egunak ematen digun arnas eskasean itotzen gara kaletarrok, gure etorkizuna manipulatu egiten digutela ondo baino hobeto badakigulako. Gure munduak, gure tradizioak, gure identitateak ez dute ezer ere balio kapitalismo eta politikaren begietara.

Lurraren klimaren aldaketa trajikoa da adibide horietariko bat. Duela aste batzuk Brasilen izan ziren uholde ikaragarriak, ehunka hildako eragin dituztenak, kalte neurtezinak sortu dituztenak. Eta hemen, Europar Batasuneko Copernicus Meteorologia Zerbitzuaren arabera, gizakiak erregistratu duen apirilik beroena izan da berriki joan dena.

Baina jada ez gara harritzen. Normalizatu egiten ditugu sarraski eta deuseztatze oro. Ohitu egin gara, ezinezkoa abiaduran, gizakiak berak sortzen dituen suntsipen guztiak irenstera.

Biodibertsitatea akabatzen dutenek negozioaren dolarrak baino ez dituzte ikusten poltsikoak ondo betetzeko. Gure dirua banketxetan sartzen dugu aurrezteko eta bizi ahal izateko, baina entitate horiek diru hori erabiltzen dute krisialdi klimatikoa areagotzeko. Santander, BBVA edo Caixabank banku handiek inbertsio itzelak egiten dituzte erregai fosilen industrian.

Batzuetan aurrean dugun panoramak etsi egiten gaitu, eta solastalgia izeneko mina sortzen da gure barruan. Glenn Albrecht filosofoak sortutako hitza da solastalgia. Zer adierazten du hitz horrek? Gure inguruko lurraldeari eragindako kalteak sortzen digun krisi existentziala izendatzeko erabiltzen den hitza da. Hala irakurri dut: “Min hori gure inguru naturalaren aldaketek dakartena da, baina, horri loturik kultura propioaren galera ere bada, hainbat mendez gordetako bizimoduak aldatzeak gure identitatea, pertenentzia sentimendua, bizitzeko zentzua, eta bizitzeko indarra bera galtzea ekarri digu”.

Zuek ere sentitzen duzue?