Batzuetan nekez argitu daiteke zelako mundua den bizi garen hau; zer-nolako pertsonek gidatzen duten mundu hau. Harritzekoa da boterea maneiatzen dutenak nolako morala duten. Orain, erasotuak sentitu direla diote.

Bihotz krudel baten ekimenez mugitzen dituzte ahoaren engranaje guztiak, eta laidotuak direla esatera ausartzen dira. Egunotan, bi pertsonaia dira protagonista. Netanyahu da horietariko bat. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak, hura atxilotzeko agindua zabaldu du gizateriaren aurkako krimenak leporaturik. Denok dakigu gerra-krimenak direla, sarraskiak eta gosetea sustatu dituelako, eta laguntza humanitarioaren blokeoa ezarri duelako.

Berak, Israelgo lehen ministroak, Israel demokratikoaren eta Hamaseko hiltzaileen artean egiten den konparazioa gaitzetsi du, “errealitatearen distortsio itzela baita”. Hortaz, eskandaluzkotzat jo du erabaki hori, moralaren kontrakoa, eta abar, eta abar. Estatu Batuetako agureak ere gauza bera esan du, eta logikoa da, izan ere, Israel eta AEB ez dira Nazioarteko Zigor Auzitegiko kideak. Zerbaitengatik izango da, ezta?

Egunotan “lintxamendua” jasan duen beste pertsonaia grutesko bat Milei izan da, Argentinako presidentea. Bere delirioak eta nabarmenkeriak bultzatuta diskurtso klasista, arrazista eta antifeminista bota zuen Espainia aldean, hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarraren Europako hauteskundeetarako kanpaina abiarazteko ekitaldian.

IBEX 35ko apostolu eta tratulant ekonomistak faxista horrekin bildu ziren, jakin badakite negozio ederrak burutu daitezkeela bere bultzada neoliberalaren pean.

Baina espero zen bezala, bere aho zikina berriz lohitu zuen, eta bertan ere, Espainiako presidentearen kontra eta haren emaztearen kontrako eleak haizatu zituen. Enpresari horietako askok atzera egin eta desmarkatu egin dira. Orain, komeriak.

Halarik ere, Mileik ez du esandako irainengatik barkamena eskatzeko ahaleginik egingo, eta bere esperpentoari helduko dio beste behin.

Eskrupulurik gabeko humanoideek gidatzen dute munduaren zati bat, gure zoritxarrerako.