Duela egun batzuk, Suitzan, Bakearen goi bilera izan zen. Makina bat herrialde mahai handi baten inguruan bilduta, argazki luze batean nazio horietako mandatari guztiak txintxo-txinto jarriak, pilotu automatikoarekin.

Estrategen makrobatzarra bakea lortu gabe amaitu zen, bake minimo bat adostu gabe amaitu zen. Ukrainako liskarraren inguruan aritu ziren guztiak, eta Zelenskik berak hitzordua probestu zuen Errusia lagun guztien aurretik presionatzeko. Diplomatiko guztien begiak itxi ziren berriz, Palestinan gertatzen ari den sarraskia ikusezin bilakatuz.

Begiak ere ixten ari dira guztiak Europak hartu duen norabide politikoaren aurrean. Azken hauteskundeetan eskuin muturrak presentzia nabariagoa lortu du. Duela hamarkada batzuk faxistek zuten Europa hori hartuta, eta horien ondorengoak berriz ari dira biderkatzen nazio guztietan. Paradoxikoa da, baina duela egun batzuk telebista guztietan agertu zen Normandiako lehorreratzearen 80. urteurrena eta bertan nazien kontrako gerran parte hartu zuten soldadu guztiei eginiko omenaldia.

Borroka horretan parte hartu zuten herrialde asko ere gonbidatu ziren askatasunaren aldeko egun hura gogorarazteko. Bada, garai hartako nazien bilobak dira gaur egun lehen indarra honako herrialdeetan: Frantzia, Italia, Hungaria, Austria, Belgika eta Eslovenia, eta bigarrena beste seitan: Alemania, Polonia, Herbehereak, Errumania, Txekia eta Eslovakia. Horrek esan nahi du Estrasburgoko Parlamentuko eserlekuen % 25 eskuratu dutela ultraeskuindarrek.

Eskuin mutur horrek politika perbertsoak, xenofoboak eta jarrera atzerakoiak garatuko ditu inolako arazorik gabe, eta gaur egun beraientzat arazo larria bilakatzen ari den errefuxiatuen eta migratzaileen etorrera lege mehatxagarriekin moztuko dute, beldurrak kapitalizatuz, eta nazio-identitaterako erasotzat hartuz.

Panorama horretan figura berriak agertzen ari dira. Argentinan Milei groteskoa dugu, eta orain Europan Meloni da kamera guztien flashak erakartzen dituen infiltratu berria, EITBn ere presentzia nabarmena ematen zaiona.

Badirudi esperpentoak inguratzen gaituela.