Komentu zaharrean segitzen du bazterrak nahasten, egunotan festetarako prestatzen ari den San Domingo karrikan, alegia. XVI. mendekoa da, Nabarreriaren eta San Zernin burguaren arteko lursail batean eraikia. Komentua izan ondoren, militarren ospitalea izan zen, joan den mendeko 70eko hamarkadara arte; gero, eraikina hustu, eta, azken 30 urtean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza da. Bada, hantxe hartu du kontseilariak azken erabakia, zirt-zart ohi duen moldean. Agindua eman baitu Hezitzaile Eskola XVIII. mendeko Ezpeleta jauregi ederretik kanporatzeko, errekara igorrita Eskolak Alde Zaharreko talde eta jendearekin ehundutako sare baliosa. Ezpeleta jauregiak karrika Nagusian dauka atari nagusia, dotorea zinez, eskailera apain-apainez hornitua, Katakrakek erosi berri duen XVIII. mendeko bertze eraikin handi baten parean, non –onbidean– euskal uhinak zabalduko baitira heldu den urtetik aitzinera Euskalerria Irratiaren eskutik. Jauregiaren gibelaldeko patio zabal eta ederrak, berriz, San Frantzisko karrikara ematen du. Patio hori leku hauta da zinez zuhaitz handien itzalpean lasai eta goxo egoteko, jostatzeko eta kultur emanaldiak egiteko, azken urteotan bezalaxe. Bada, hori guztia egonen da arriskuan, jaun kontseilariaren asmo makurra betetzera, patioa aparkalekutako erabili nahi baitu. Badakigu, halaber, enegarren aldiz eragotzi duela guraso euskaltzaleek D ereduaren alde erakutsitako borondatea; oraingo honetan, Oibarren, hain zuzen. Gainera, odolean daraman asmo petralaren erakusgarri, eta, azken urteotan tinko baino tinkago egin duen ahaleginaren ondorioz, euskara teknikaririk gabe dago Hezkuntza. Denak egotzi ditu. Chivite buru duen Gobernuak, hortaz, ez du euskara teknikaririk izanen Euskarabidetik kanpo edo, bertzela erranik, Foru Gobernuak ez du hizkuntza politikarik nahi Euskarabidetik at.