Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Etxebizitza

EtxebizitzaUTZITAKOA

Atzo Denis Itxaso albistegi batean ikusi nuen etxebizitzaz mintzatzen. Segundo batez galduta ibili nintzen Denis Itxasoren irudia gobernu espainiarraren ordezkaritzarekin lotuta dudalako gogoan oraindik, berehala konturatu nintzen, baina, Etxebizitza Sailburu berria dela Eusko Jaurlaritzan. Itxaso jaunak iragarri zuen Galdakaoko udalak bi auzo tentsiopeko eremu izendatu dituela etxebizitzen alokairuak mugatu ahal izateko, eta dena bideratuta dagoela; era berean, Errenteriako udalak udalerri osorako eginiko eskaera berbera laster, irailean edo, gauzatuko dela. Harrigarria da pentsatzea bi udal bakarrik, eta haietako bat ez osoa, tentsiopeko eremuen kontuan ari direla. Ziur aski, beste udal batzuk ere izapideak betetzen ariko dira (ez dut ezkorra izan nahi), baina etxebizitzaren inguruan dauden kezkak direla-eta bidea geldoegia dela iruditzen zait. Zeren, ikusita egunero plazaratzen diren estatistikak, galdeketak, erreportajeak, irrati eta telebista programak, ez-dakit-zer-barometroak, inkestak, eztabaida politikoak eta abar, herritarron kezka nagusietako bat etxebizitza baita.

Ala ez? Irtenbidea ez da erraza izango, baina herrialde askotan hartu dituzten neurriak (etxebizitza sozialak eraiki, alokairuak mugatu, etxebizitza turistikoak debekatu, etxe hutsen gaineko zergak handitu...) gurera ekartzea ezinezkoa dela dirudi, edo ekartzen direnean prozedurak luzeak dira eta korapilatsuak, zailtasunak eta oztopoak edonon agertzen dira, edo edukitzaile handiak eta txikiak nola desberdindu eztabaidetan galtzen gara. Agian herritar askoren kezka etxebizitza da, nola lortu etxebizitza bat, baina beste herritar asko negozio ederrak ari dira egiten etxebizitzekin, eta azken horiek hauteskundeetan zer esan asko dute, eta politikariek badakite.

Gurean etxebizitza eskubidea omen da, baina espekulaziorako irekita dagoen ondasuna batez ere. Espekulazioa eta eskubidea bateratzea zirkuluaren koadratura da. Ikusiko dugu lau urte barru, EAEko hauteskundeak iristean, etxebizitza den oraindik “kezka” bat.