Carles Puigdemonten azken antzezlanak erakutsi du hutsala dela, areago, moralik gabekoa dela… besteen bizimodua eta etorkizuna hari bost! Beste horrenbeste Kataluniakoak. Hark antzeztu duen azken zanpantzarkeriak hari lagundu diotenetako bati lana eta askatasuna galtzea ekarri dio. Laguntzaile horrek bazekien jakin zertan ari zen, baina aitzindari batek, benetako aurrendari batek kontuan hartzen du gogaideen, taldeko lagunen eta berak ordezkatzen duen herriaren ongizatea; hori egiten ez duenak ez du lider izenik merezi. Hori egiteko gai ez denak zelan gida dezake ezein proiekturik? Hori ikuspegi moraletik.
Lluis Companysek erbestera alde egin behar izan zuenean, gudatea gori-gori zegoela, bizia arriskuan zuela egin zuen; arrisku hura Kataluniatik harantzago luzatu zen, eta, Frantzian harrapatu zutenean, Kataluniara bidali eta frankistek fusilatu zuten. Hura bai erbestea! Hura bai aitzindaritza ordukoentzat eta gerokoentzat! Oraingo hau, berriz, non bizi da? Nork mantentzen du? Zertan egiten du lan? Zein ezberdina Lluis Companys eta Jose Antonio Agirrerengandik! Une honetan, erbestea arinkeriaz aztertzen da… edo proiektatzen; une honetan, Carles Puigdemonten erbestea eta aldizkari arrosetako ospe-ustekoen oporrak bata lako beste. Hori politikaren izen onaren aldetik.
Pentsa dezagun inauterietako ekitaldi horrek baduela esangura sakonik. Zerbait izanez gero, Pedro Sánchez hormaraino eroatea izan da. Jakina, espainiar jakin batzuen mesede. Ez dut uste zanpantzarkeria horrek ezein mesederik ekarri dionik Kataluniari. Kataluniako alderdi demokratiko biren laguntza duen Generalitat horri ere ez dio mesederik ekarri. Sistemaren aurkako hutsa da, ez besterik. Urteak 53 aste ditu, aratusteek, ostera, bat; betiere, gogoan hartu astearte inautean zanpantzarra erre egiten dela, absurdoaren eta iragankorraren ikur. Nazio baten irudi barik, politikari merke eta galgarri gisa galduko da historiaren ilunean. Izatearen arintasun jasanezina!