Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Etorkizuna

EtorkizunaEFE

Harrigarria izan zen. Joan den astean, Bilbok penintsula osoko tenperaturarik altuena erregistratu zuen. Ez zen brometarako girorik. Goizeko freskura probestu ahal zen paseo txikia eta osteko bainua hartzeko. Lehen ordu horietan posiblea zen, geroago, hondartza jende paketak hartuko baitzuen. Basoan ibiltzeko tartea ere atera nuen nik, baina eguerdi partean infernua hasi zen, eta satorren moduan etxeko zulora itzuli nintzen.

Beldur amiñi bat ematen du jakiteak tenperatura gori horiek gero eta sarriagotan pairatu beharko ditugula etorkizunean. Klima aldaketak ez du atzera bueltarik, eta muturreko kontu meteorologiko puntualak, ohiko bilakatuko zaizkigu laster batean. Eta horrek, diodan moduan, beldurra ematen du, ez baitakigu naturaren boterea benetan infinitua dela. Hemen izan ditugun tenperatura altuenek beste toki askotan bero-bolada serioak sortu dituzte, eta horrekin, nola ez, betiko suteen arriskua areagotu egin da.

Harrigarria izan da Grezian gertatu dena. Bertan piztutako sute handi eta arin batek Atenasko inguruetara zabaldu zen, eta bertako biztanleak kinka larrian jarri zituen. Beste toki askotan bezala, bertako uda oso beroa izaten ari da, eta bizi izan duten negua ere nahiko epela, euri gutxirekin. Horra hor arazoak.

Uste dugu mendietan eta baso urrunetan gertatzen direla suteak, baina azken urteetan suzko demonioak erasokorragoak dira, bortitzagoak, eta hiri handientzat mehatxu eta arrisku ere bilakatu dira. Esan daiteke, gure planetaren paisaia aldatzen ari direla hein handi batean, desertifikazioa bultzatuz. Aditu batzuk Pirozenoa deitzen diote garai horri. Holozenoa amaitu zen, eta Antropozenoa etorri, eta berarekin batera, Pirozenoa, orokorrean kontrolatu ezin daitezkeen suteak gertatzen direlako.

Orain arte gizakia izan da paisaiaren moldatzaile agresiborik handiena, onerako eta txarrerako, eta gizakiak berak sorturiko suteek ere gauza bera egiten dute, lurrari beste azal bat eman, batzuetan nahi ez duguna, eta planeta bera ere sakonki gaixotzen duena.

Etorkizuna gero eta beroagoa izango da, agian katastrofikoagoa.