Elkarrizketa batean irakurri nion Bilboko alkateari arras minduta zebilela Bilboko txosnetan bere buruaz agertu ziren karikatura batzuekin, ez guztiekin, baina bai irainetik, haren iritziz, gertuegi zeuden hainbat txantxarekin. Pentsakor eta harrituta gelditu nintzen: alde batetik, askotan karikaturaren eta irainaren artean dagoen muga irristakorra delako, ados; bestetik, hauteskundeetan aparteko arrakasta duen politikari bat hain kontu ezdeus batetik hain kezkatuta ikusteagatik. Bihar bertan udal hauteskundeak egingo balira Bilbon, Aburto jaunak irabaziko luke, zalantzarik ez.
Aburto jaunak minduta sentitu zela adierazi zuen, senitartekoak aipatu zituen, eta hor ez dago eztabaidarik, norbaiten sentimenduak zalantzan jartzeak ez du zentzu handirik, arrazoibidezko argudioek ez dute zereginik; halere, Euskal Herriko hiri handienaren alkateak eroan handia behar du izan, karguarekin dator, horrelako egoerak kiroltasunez bizi eta egoera horien funts politikoa ulertu ahal izateko. Jaietan, aurreko garai hartan inauterietan bezala, botereaz eta agintariez barre egitea ohikoa da, tradizioa, antropologoek irakatsi diguten bezala. Aburto jauna ez da txantxa, karikatura eta irainen jomuga izan den lehen alkatea, Iruñekoak sanferminetan izan zuen berea, adibidez, eta ez da, jakina, azkena izango. Eta berriro diot, txantxak eta irainak desberdintzea gaitza da askotan, eta irainak gaitzesgarriak beti.
Agian gaur egungo politikariek (eta ez naiz orain Aburto jaunaz mintzatzen ari), gure botoez gain, gure maitasuna ere nahi dute (Makiavelo eskandalizatuko lukeen zerbait, bide batez), botoak lortzea nahikoa lan ez balitz bezala, eta hor berriro sartzen ari gara sentimenduen lurralde labainkor bezain arriskutsuan. Tamalez, politikariek beraiek bultzaturik, emozioek gaina hartu zioten arrazoiari politikagintzan aspaldian, eta askok beldurra sortu eta gorrotoa zabaldu nahiago dute. Testuinguru horretan maitatua nahi izatea ia-ia hunkigarria izan daiteke, xaloa, baina ez oso praktikoa.