Bi datuk harritu naute alde egin berri digun asteburu honetan. Lehenbizikoa, Kike Amonarrizek larunbateko Berria egunkarian goiburura zekarrena: “Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Galderari erantzuteko, Joan M. Serrak katalanaren ahozko erabilera bihurgune erabakigarrian dagoela jakinarazteko idatzitako liburuko datuak eskaintzen zizkigun. Datu horien arabera, 2075. urtean katalaneraz hitz egingo duten herritarren kopurua ondokoa izango da: neurri egokiak hartuz gero, %40-45 inguru; gaurko dinamikekin jarraituz gero, %20-25; eta egoera okertuz gero, %10-15. Kopuru hauek katalan hiztunentzako badira, matematikek ez digute sorpresa handirik emango euskal hiztunon kasurako.
Bigarren datua berdintasun gaiei lotutakoa izan da: 134 urte beharko omen ditugu mundu mailan generoen arteko berdintasun osoa lortzeko. Datuok Munduko Foro Ekonomikoak eman ditu ezagutzera, “Global Gender Gap Index”-ari dagozkion urteko datuak azaltzean. Egun, munduan, bataz beste, genero arrakalaren % 68a itxi omen da.
Datuok hozkirria ematen dute. Batez ere, emaitzak, guk ez ditugulako ezagutuko. 50 urte gutxi dira euskal hiztun kopurua zaintzeko eta suspertzeko egin beharreko lanaren gaineko politika eraldatzaileekin asmatzeko. Eta 134 urte, ordea, gehiegi dira, generoen arteko berdintasunean lortu beharreko parekidetasuna egia bihurtzeko.
Lagun batek esaten zidan, baietz, 100 urte behar direla emakumea historiaren analetan sartzeko. Hau da, atzera begiratu eta historiaren orri horietan, emakumeak modu naturalean aurkitzeko.
Eta ez nator guztiz bat. Batetik, historia beste begi batzuekin ere kontatu daitekeelako; eta, bestetik, gertakizun historikoak erreproduzitzen ditugunean ere, beti, gizonezkoekin erreproduzitzeko joera daukagulako. Gure historia hurbila, gure mundua, gizonezkoek egin dutela dirudi. Ados. Baina hori berori kontatzeko ere, gizonezkoei deitzen jarraitzen dugu. Behin eta berriro, kiribil beretik irten ezinda.
50 urte eta 134 urte gehiegi dira, orain arte egin duguna erreproduzitzen jarraitzearekin ados agertzeko.