Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Apustua

Apustua

XVII. mendean zehar Europako Erresumak izan ziren munduko potentziarik indartsu eta handienak, itsas merkataritza, ontziolak, industriak eta abar. Eta honela eta horren ondorioz klase sozial berriak sortu ziren, hala nola burgesia. Klase berri honek proposatu zuen -beharragatik edo/eta usteagatik izan zen beste istorio eta gogoeta bat da- gizartea bera modernizatzea Erdi Aroan zaharkituta, itsatsita eta ainguratuta zeuden hainbat esparru, hala nola, politika, erlijioa, kultura, ekoizpen ekonomikoa. Saiatu ziren proiektu ekonomiko berriak sustatzen, bultzatzen eta indartzen, pentsamendu askatasunaren alde egin zuten, baita erlijioak ordura arte, kulturak eta politika bezalako alorrak izandako eragin handia mugatzen ahaleginduz ere. Helburu horiek lortzen saiatzeko oinarrizko tresna bat eskuratu zuten, gaur egungo terminoetan “Hezkuntza sistema” edota irakaskuntza deituko genukeena. Euskal Herriko lurretan eta zehatzago Gipuzkoan, Xabier Maria Muniberen gidaritzapean “ilustratuak” deritzon mugimendua sortu zen, baita “Azkoitiako Zaldunak” izenaz ezaguna.

Bi izan ziren euren itxaropenak eta proiektuak finkatu zituzten erakundeak: 1765ean “Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea” izena zuena eta 1776an “Bergarako Errege Seminarioa” zeritzona. Garai haietako izen ezagun eta ospetsuaz inguratu ziren, hala nola: Proust, Thumborg, Samaniego eta abar luze bat. Baina, beti dago bainaren bat, eta oso zoritxarrez euren saiakera eten egin zen 1794an frantsesek Gipuzkoa inbaditu zutenean.

Gizon “ilustratu” haiek defendatzen zituzten ideiak, jarrerak eta estiloak ez zuten, ez, neurri handi batean behintzat, gorputza hartu Gipuzkoako gizartean hainbat arrazoiengatik: elizgizonen multzo batek aurre egin zieten, haien egitasmo eta proiektuak elitismo handiaz zeuden kutsatuta eta hainbat “Azkoitiako Zaldun” gertatu ziren “matxinada” izan zirenetan ez zuten, ez, jarrera guztiz egoki eta zuzena azaldu Foruekiko. Porrota. Baina zerbait argi: Hezkuntzaren aldeko apustua.