Gaur bezalako egun batez erail zuten, San Migel egunean. Egun seinalatua zinez EAJko jendearentzat. Hiltzaileek horrexegatik aukeratu zuten egun hura. Bi tiro bota zizkioten garondoan Taxoareko kanposantuko hormaren ondoan, 1936ko irailaren 29an, eta herri bereko alor batean lurperatu zuten. Senideek, gero, hori jakin eta harrien bidez markatu zuten hobiaren lekua. Nekazariak ez zuen sekulan alor puska hura goldatu eta, handik 24 urtera, familiakoek Fortunato Agirre Lukin Lizarrako alkate abertzalearen (EAJ) gorpuzkinak lurpetik atera eta Lizarrara eraman zituzten. Komeni da oroitaraztea zer gertatu zen urte 36 hartan eta erne ibili, oraindik ere zenbaitek garrantzia kendu nahi dietelakoz garai hartako gertakariei. Konparazio batera, horixe suma daiteke Orotz Beteluko Leopoldo Garmendia gizon abertzalearen inguruan, argitalpen bati erreparatzen badiogu. Izan ere, altxamendua gertatu zenean, bertzaldera jo zuen ihesi etxekoekin batera eta, gero, Pauen bizi izan zen. 1940ko udaberrian, ordea, alemanak zetozela ikusirik, gero eta ataka gaiztoagoan, Orotz Betelura itzultzea erabaki zuen. Herrira iritsi eta biharamunean atxilotu, epaitu eta Huescako espetxera igorri zuten. Delako argitalpen horretan erraten da EAJko kidea zenez, ba Frantziara joan zela eta, itzultzean, “egonaldi laburra egin zuela espetxean”, hura oporretara joatea balitz bezala. Argitalpenean ez da aipatzen ez altxamendua, ez “egonaldi labur” hura sufrimendu latza izan zela 70 urteko gizon oroztarrarentzat, gaixotu egin baitzen eta, espetxetik atera bezain laster zendu, espetxealdiko baldintza gogorren ondorioz. Bidenabar errateko, Garmendia jauna Julia Fernandez Zabaletaren anaiaren aitaginarreba izan zen eta, orain, urrian, Juliaren gaineko pastorala emanen da hirugarrenez Iruñean.