Gabonetako giroa. Christmas, Christmas eta Christmas. Aste hau nahiko berezia izaten da Gabonetako loteriaren zozketa egiten delako, eta gutxiengo batentzat bizipoza dosi estra bat sentitzeko aukera luzatzen duelako zorizko joko horrek.

Jende askok diru kantitate handi bat xahutzen du horrelakoetan, banatzen dituzten 2.700 milioi eurotik ea apurren bat suertatzen zaion. Irakurri dudanez, gure inguruan 222 milioi euro gastatu ditu populuak, sarietan banatzen dena baina askoz ere gehiago.

Baina tokatzen denean ederra da ikustea jendearen poztasuna. Galtzaileak ere badira, diruzalekerian erortzen direnak ere badira, kapitalismoak saldu nahi digun ustezko aberastasuna lortuko dutenak ere badira, baina periferietako auzunetako jendeari, kalteturik dagoen lurralde bateko biztanleei, edota fabrika bateko langilegoari diru kantitate polit bat etorriko zaiela jakinik, luzatzen dizkiguten irudiak alaiak dira.

Agian, egun horretan ez dira aberastuko, baina prekarietatetik ateratzeko lehen urratsak izan daitezke jende horrentzat. Txanpan botila zabaltzen eta edaten dute, eta elkartasunean, modu kolektiboan, ospatzen da besteek izan duten zortea.

Baina loteriak ez ditu gure begiak lainotu behar. Loteriak ez gaitu salbatuko, guztion ongizatea bermatzen duten politika aurrerakoiak dira behar direnak, jendearen oinarrizko beharrak ontzen dituztenak, xenofobia, arrazakeria eta emakumearen kontrako biolentzia desagerraraziko dituenak, egungo eredu kapitalista gaindituko dutenak, klima-larrialdiari stop esango diotenak, gure hizkuntza eta kultura irmoki defendatzen dituztenak,…

Hori guztia ez digu loteriak ekarriko, baina Olentzerok, agian bai. Herenegun etorri zen Euskal Herriko hainbat herritara, eta lagun asko eta asko kantari ibili ziren herri horietako kaleetan. Kristautasunaren ospakizun garrantzitsuenetako bat agitzen den sasoi honetan, gure ohiko kantetan erreferentzia katolikoak ez egiteko deliberoa hartu dute zenbait ikastoletan. Laikoagoa eta paganoagoa izango da Olentzero, baina halarik ere, opariak ekarriko zituen atzo ezta? Hala izan bada, zorionak guztioi.