Kalifornia urrun badago ere, ke-sunda honaino hel daitekeela aitor liteke, beldurgarria baita hainbat egunez amata ezina dirudien infernuzko sute handitzarra.
Egunotan Euskal Herria hoztu duen giroan murgilduta bagaude ere, bestelako parajeetan, sute kontrolagaitzekin eman diote hasiera urte berriari. Los Angeleseko metropoliaren inguruetan amorraturik segitzen duten sute demonioek hainbat pertsona hil eta milaka etxebizitza kiskali dituzte dagoeneko. Adituek diotenez, garai antropogenikoak eragindako klima-aldaketaren erruz etorri da katastrofe hori.
Antza denez, Kalifornia hegoaldera urrian edo azaroan ailegatzen diren euriteak atzeratu egin ziren iaz, 2024ko uda Kalifornian inoiz erregistratu den beroena izan delako. Tenperatu ikaragarri horiek lehorte itzela sortarazi zuten inguruko parajeetan, eta bertako landaredia material sukoi bilakatu zen.
Suak eztanda egin zuen une egokian, haize bortitzen paradisua baita zonalde hura. Haizete beldurgarriak mundu bazterretan agertzen dira eta triskantza izugarriak egiten dituzte. Duela aste batzuk horrelakok izan genituen gure lurraldean, eta ohi den bezala, zuhaitzak errotik atera zituzten. Penagarria da pagadietan gertatzen den txikizioa; afrontuak zuhaitzak zuztarretatik aterata, zuhaitz zahar horiek erditik zartaturik, haize suntsitzaileak eraginda.
Sute hori Estatu Batuetako historiako suntsitzaileenetako bat bihurtu da, eta iragarpen guztien arabera, ez da azkena izango. Urteroko erakustaldi beltza bilaka daiteke, bere arima erabat koleraturik duen naturaren aldetik.
Panorama horren aurrean Trump izokin-azalekoak ez du laguntzarik eskainiko. Negazionista porrokatua da bera, eta seguruenik, politikari eskuindar guztiek egiten duten moduan, atarramendu politikoa aterako du egoera horretatik, eta besteei leporatuko die errua. Kasu horietan, dorpeak konbentzitzeko edo manipulatzeko falaziarik lotsagarrienak erabili ohi dituzte adimen minimoa ez duten politikariek.
Espainia aldean ultraeskuinak tai gabe sortzen dituen adibide asko baditugu. Toxikoak dira, suteen kea bezain.