Atzo eguerdiaz geroztik, Pokomotzenea etxeari dagokion hilobian datza hiru aldiz Nafarroako bertsolari txapeldun izandakoaren gorpua, Urepeleko kanposantuan. Aitzinetik, hileta-meza ederra, dena kantatua, eliza jendez mukuru, baita kanpoaldea ere, Mikel Epaltza apaizak emanik, Xipri Arbelbidek eta Koldo Cacho josulagun tuterarrak lagundurik. Bukaera aldean, Maddalen Lujanbiok eta Sebastian Lizasok bina bertso bota zituzten. 1967an egin zuen lehen bertso plaza, Hazparnen (Lapurdi), Mattin, J. Lopategi, Ezponda eta aitarekin, Xalbadorrekin, alegia. Nafarroako Txapelketari “Paulo Yantzi” Sariketa erraten zitzaionean atera zen lehendabizikoz txapeldun, 1980an.

Bigarrenez, 1985ean, hura jada berez Nafarroako Txapelketa zenean eta, hirugarrenez, 1988an, Iruñean, Gayarre lepo zegoela, 63an, 64an eta 66an bezala, 60ko hamarkadan hiru aldiz jokatu baitzen finala Gayarre antzokian. 1988ko hartan, Manolo Arozena goizuetarra izan zen txapeldunorde eta hirugarren, berriz, Pablo Joxe Aristorena Iruñean ikasle zebilen hernaniarra. Haiekin batera, Jean Pierre Mendiburu heletarra, Ernest Alkhat iholdiarra, Txomin Ezponda jatsuarra, Joxe Fermin Argiñarena errazkindarra eta Lontxo Aburuza Iruñeko bizilagun bidaniarra aritu ziren txapelaren bila. Bertze garai bat, bistan denez.

Egun hartan Gayarren egondako guztiek dauzkate gogoan Mixelek, behin txapela jantzitakoan, esker oneko bertsoan erabilitako bi hitz: “rekoño!” eta “reputa!”, bere buruarekin haserre-edo, umore bidetik jo nahian-edo. Aitaren itzalpean egin behar izan zuen bere bertso bidea, bai eta erdietsi ere, eta funtsezko lotura izan zen mugaz bi aldeetako nafar bertsolariak txapelketa bakarrean lehiatzeko. Halaber, ederki ezagutzen zituen Kinto eta Eugi aldeko bazterrak eta jendea, egun galduak diren garai bateko harremanen oroigarri. Goian bego.