Laura Filosofiako irakaslea da Batxilergoan. Gurasoekin bilera egin ondoren, haserre dator, presio handia egiten diotelako nota altuak jarri ditzan. Esan dit ez dutela presio berdina jasotzen Matematikako edo Fisikako irakasleek, irakasgai seriotzat hartzen dituztelako haiek. Gurasoen iritziz, Ingeniaritza, Informatika, Biologia, Farmazia, Medikuntza edo Arkitektura ikasiko duten beraien seme-alabek ez dute Filosofia beharko euren karreretan.
Laurak aitortu dit nazkatuta dagoela Filosofia eta humanitateetako ikasketekiko gutxiespen orokorrarekin, batez ere teknologia eta espezializazio teknikoa nagusi diren mundu honetan prestakuntza humanistikoa inoiz baino beharrezkoa delako. Dioenez, Filosofia, Historia, Literatura eta Artea ezinbestekoak dira errealitatea ikuspegi kritiko batetik zalantzan jartzeko, ezinbestekoak norantz goazen erabakitzeko, berdin ingeniariak, kimikoak edo arkitektoak izan.
Jakinduria humanistikorik ez duen profesional batek gabezia handia du, jakingo duelako etxeak eraikitzeko planoak diseinatzen, ekuazio diferentzialak egiten edo formula kimikoak aplikatzen, baina ezagutza tekniko horrekin guztiarekin norantz doan jakiteko giza-zientziek eskaintzen duten kontrapisua falta zaio. Ezagutza tekniko horri, humanitaterik gabe, mendeetan gizakiak metatu duen jakituria eta giza-ikuspegia falta zaio. Eta hau inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egun, kontuan hartuta Adimen Artifizialaren garaian gaudela, bere erabilera arduratsua bermatzeko esparru etiko bat eskatzen baitu. Prestakuntza humanistikoa duenak ikuspegi zabalagoa du bere erabakien inplikazioei buruz.
Ezagutza teknikoa beharrezkoa da, baina zertarako erabiltzen den eta zein helburu etiko, moral eta intelektualekin erabiltzen den jakitea ezinbestekoa da. Eta hori humanitateek irakasten dute. Laura egunero saiatzen da ingurukoak hortaz konbentzitzen, baina badaki kontrako inertzia handia dela, egungo gizarteak guk lan ta lan egitea nahi duelako, baina hobe norantz goazen gehiegi pentsatu gabe.