Pertsona horiek: gero deituko dizutela esan eta ez dizutenak gero inoiz deitzen”. Francesco Piccolo idazle italiarra bere Momentos de inadvertida infelicidad (Anagrama) zorrotz eta dibertigarrian halako pertsonei buruz ari da, aurretik beteko ez dutela jakin arren, promesa egiten dizutenei buruz. Zaila da jakiten zergatik egiten duten. Seguraski zugandik erraz askatzea bilatzen dute, aurrean erresistentzia handirik aurkitu gabe. Promesa erabiltzen dute zu biguntzeko eta ur ontzi batetik ateratako garagardoaren etiketa biguna erraz kentzen den bezala, zu modu errazean gainetik kentzea bilatzen dute.
Eta iruditzen zait halako pertsonak ezin hobeto egokitzen direla hitzak gero eta pisu eta balio gutxiago duen gizarte honetara. Ez dakit beti izan den horrela, agian ez. Gaztetan, aitak askotan esan zidan zein garrantzitsua den norberaren hitza betetzea. Esaten zidan bizitzan askotan ezin izaten dugula bete agintzen duzun guztia, baina, gutxienez, beti saiatu behar dugula, beti sentitu behar dugula ardura gure hitza betetzeko. Aitaren arabera, pertsona baten dotorezia bere hitzaren balioaren arabera neurtzen da neurri handi batean.
Aita gizon dotorea zen. Eta orain, aita gogoan, neure buruari galdetzen diot gaur egunean ez ote garen normaltzat hartzen gure ekintzak eta gure hitzen arteko gero eta lotura singleagoa. Ez ote garen hitzari garrantzia kentzen. Agian bete gabeko hainbat promesen biktima garelako izango da. Izan ere, betegabeko hitzen enpatxoa dugu: jada ez ditugu sinisten publizitateak egiten dizkigun promesak, mesfidati entzuten ditugu politikarien iragarkiak…
Eta, hala ere, badago zerbait denborarekin aldatzen ez dena. Bere hitzak ez betetzeagatik desengainatzen gaituenak, egunen batean gure begietara izan zuen distira eta dotorezia galtzen ditu. Inoiz izan zituen galoiak galtzen ditu, ur ontzi batetik ateratako garagardoak etiketa galtzen duen bezala. Eta amorrutik, gorrototik edo maitemintzetik posible da irtetzea, baina desengainutik, ai, desengainutik ez dago atzera bueltatzerik.