Pompaelo hiria herrixka baskoiaren gainean sortu izana, k.a. 75ean. Karlomagnok Iruñea 778an erraustu ondoren, baskoiek Orreagan mendekua hartu izana. Errege Karlos III.a Nobleak, Batasunaren Pribilegioaren bidez, Iruñeko hiru hiriak batu izana. Espainiarren konkista orokorra. Iruñeak Albako Dukearen aitzinean amore eman izana. Napoleonen soldaduak Iruñeaz jabetu izana eta, horri loturik, Mendiri polizia-buru garaztar euskaldunaren krudelkeriak.
Azken karlistaldian, hau da, karlistek hiria setiatu eta urik gabe utzi zuten hartan, Pinaqui industria-gizon lapurtarrak ura Arga bazterretik hirira igo izana 1874an, eta harresien eraispena hiri berriari bidea emateko, XX. mendearen bigarren hamarkadan. Horra hor hiriko alkateak aukeratutako zortzi gertakari edo mugarri historiko ortzeguneko bertso saio bitxian, Nafarroako Antzerki Eskola lepo zegoela, Bertso Aroaren barnean.
Asiron historialari eta plaza-gizonak mugarri bakoitzari buruzko azalpenak eman eta, haietan oinarriturik, Ainhoa Larretxea aurkezlearen aginduetara aritu ziren Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina fin baino finago, tarteka sakon eta gogoetatsu, tarteka umorez eta zirikadaz, elkarren artean ederki moldaturik, entzuleen gozamenerako, alkatearendako gai labaingarriak bazter utzi gabe. Ongi ekarriak daude gertakari horiek, egiazki mugarri izan baitziren hiriaren bide luzean, baina bertze zenbait ere badaude.
Haietako bat, konparaziora, egun edo urte zehatz bati lotua ez dagoena, XIX. mendearen hasierako hamarkadetan koka genezakeena, hots, hiri buruzagiko biztanle gehienek euskaldun izateari utzi zioteneko hura. Zorigaitzezko gertakaria, euskaldungoarentzat ondorio latzak izandakoa. Eta hortaz landara, azken karlistaldiaren ondotik, gure hirian Euskara elkargoa sortu izana, hau da, euskararen aldeko ekimenen hasiera.