Polarizazioa bizi ote dugun edo bizi izan ote dugun galdetuko baligute, adin bat dugunok, bizitzea egokitu zaigun egoera politikoari lotutako arrazoiak izango genituzke gogoan, segur aski. Gazteei galdetu zaienean, ordea, badirudi erantzunak besterik izan direla.

Gipuzkoako idatzizko medio batean, EHUko Sinnergiak Gizarte Berrikuntzako zentroaren Lupak behatokiak egindako ikerketa baten berri eman da aditzera eta, medio horretan jasotakoaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko Gipuzkoako gazteen %40ak uste du gaur egun gizartean polarizazioa sortzen duten elementu nagusitzat feminismoa eta inmigrazio irregularra jo daitezkeela.

Ikerketan 500 lagunetik gorako kopuruak parte hartu duela aditzera eman da (emakumezkoen portzentajea apur bat handiagoa gizonezkoena baino). Galdetutakoen % 38aren ustea laburtzeko, besteak beste, ideia hau jaso da: “feminismoarekin urrunegi joan gara eta ondorioz, orain, gizonezkoak diskriminatzen dira”.

Galdeketa berean, gazteei politikaz ere galdetu zaie: % 43ak politika asko interesatzen zaiela adierazi dute eta % 65ak alderdi politikoengandik aldenduta bizi direla. Datuok adierazgarritzat jo dira, eskuin muturra indartzen ari dela gogorarazten zaigun bitartean.

Ez dut uste emaitzok gehiegi asaldatu gaituztenik. Esan nahi dut, espero genitzazkeen datuak direla, kaleko iritzi jasotze hainbatetan (informaletan eta baita albistegietan ere), aipatu bi gaiak hainbatetan bistaratu izan direlako, dagoeneko.

Batzuetan, ordea, datuek errealitatea baino areago, galdetutako gaiaren gainean egosten ari den edo sukaldatu nahi den beldurra azaleratu ohi dute. Eta datuak hotzean emateak berak ere, sukalde lana egiten laguntzen du.

Aipatu balizko polarizazioa eragiten duten arrazoiak elikatzen dituzten komunikazioak tentuz landu behar direlakoan nago. Nekez hezi, landu eta aldatu ahal izango baita polarizazio horren gainean gizarteak (kasu honetan gazteen % esanguratsu batek) izan dezakeen pertzepzioa, beldurrari eta, beraz, polarizazioari berari, hain ozen dei eginez.