Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Borondatea

BorondateaPixabay

Biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Konferentzia abiatu da aste honetan Erroman. Aurrekoa Kolonbian egin zen, eta ez dirudi planetaren aldeko ekimenak eta negoziaketak ondo burutu zirenik. Oraingo honetan biodibertsitatearen aldeko erabaki politikoak hartu nahi dituzte, beti ere jasangarritasunaren alde, arlo horretan ezarri diren helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak diruz bermatzeko.

Bertan, seguruenik, nazio guztietako gobernuei ekintza bateratuaren eta borondate politikoaren aldarrikapena egingo zaie, hortik sortuko baita gure planetako bizitzari laguntzeko eta eusteko bermea, bertan lortzen diren itunak indarrean ezarriz gero, jakina! Baina goi-bilera horiek, handiegiak direlakoan nago, eta ondorioz, hitz goxoen artean egon litekeen indarra diluitu egiten dela uste dut. Borondatea irmoa ote da?

Halarik ere, egin behar dira, eskuak poltsikoan ditugula ez gara inora joango, egunetik egunera gero eta datu kezkagarriagoak agertzen baitzaizkigu.

Oso urrun joan gabe, joan den hilean, urtarrilean bai, mundu mailan inoiz erregistratu den beroena izan da. Datu hori seguruenik arin geldituko da estalita otsailaren datuekin, gezurra badirudi ere, otsailean sekulako egun udaberrikoak izan baititugu, tenperatura epelekin eta zuhaitzetako kimuen loratze goiztarrarekin. Dena da primadera, dena bedatsea gure inguruan.

Larriena baina, lur planetaren poloetan gertatzen ari da. Bertan jasandako tenperatura horiek izotz-geruza maila sinestezinetan urtu baitute. Gogoratu behar da 2024 urtea munduan inoiz erregistratu den urterik beroena izan zela, eta hasi berritan dagoen honek bide beretik joko duela ematen du. Berotze global horrek kaltea baino ez digu ekarriko, eta ikerketa guztien arabera, miloi bat pasatxo hildako eragingo lituzke mende honen amaieran.

EBko ordezkariek esan duten moduan, “elkarrekin aurkitu behar dugu ahalik eta iturri gehienetatik eratorritako baliabideak mobilizatzen jarraitzeko modu bat, biodibertsitatean aldeko finantzaketa bermatu ahal izateko”.

Diodana, borondate irmoa beharko da, diruaz aparte.