Síguenos en redes sociales:

Si vis pacem, parabelum

Si vis pacem, parabelumOLIVIER MATTHYS

Odolaren usaina, biolentziaren erresumenaaaa, si vis pacem, parabelum”, Hertzainak taldeak kantatzen zuen aspaldi batean, baina garaiak aldatu dira, konpañero, eta Europatik si vis pacem, parabelum leleoari atxiki diote. Europako defentsa estrategiaz aritu da egunotan Von der Leyen emakumea, eta inolako lotsarik gabe esan du Europa armatu behar dela berriz, 800.000 milioi euro gastaturik.

Bakegintzak ez du interesik sortzen, baina inbertsio militarrak bai, azken horrek mozkin ikaragarriak ekarriko baitizkiete armagintzan jarduten duten enpresei. Bakegintzaren aldeko hautua hartu beharrean, hobe da gerra estupido batean berriz murgiltzea herrialde handienetako ekonomia maila sinestezinetara puzteko. Betikoek irabaziko dute, herri xeheak dena galtzen duen bitartean. Trump izokinak geopolitika buruz behera jarri du, eta eszenatoki horretan dantzan dabilenetik koreografia lerdo horretan murgildu dira ia herrialde guztiak. Europak bere ahulezia erakutsi du.

Baina zer da Europa? Eurovision jaialdiaren inguruan biltzen diren herrialde anaitu batzuen multzoa? Ez, horixe saldu nahi dute, Europa kohesionatu bat bertako biztanleen eskubideen aldeko defentsa sutsua egiten duena, baina horren ordez, herrialdeen batasunaren norabidea erabakitzen dutenak –demokrazia eta askatasun faltsuaren irudipean– enpresa-interes ekonomiko propagandistiko eta kapitalistak baino ez dira. Europako potentzia burgesen batasunak bere klase-interesak indartzeko eta bestelako bide politikoak zapaltzeko baino ez du balio.

Gauzak horrela, mandatari horiek uste dute edozein astakeria egiteko legitimazioa badutela. Balizko gerra baten alarma piztu nahi dute, guztiok beldurtuta egon gaitezen. Bitartean, Zelenskik Etxe Zurian izandako pantomimaren ostean su eten partzial bat eskaini dio Errusiari, eta Donald Trumpi ere luzatu dio eskua Ukrainak dituen mineral berezi horiek ustiatzeko. Negozioek pizten dituzte gerrak, eta etekinak lortu arte milaka eta milaka pertsona hilko dira, zoro hauen eskuetan gaudelako.