"Misterioa argitzea” da Mari Paz Jiménez (1906–1975) pintoreari buruz Kutxa Fundazioak Donostiako Kursaaleko erakustaretoan antolatu duen erakusketaren izenburua. Mari Paz Jiménezek Euskal Herriko artearen historia modernoa markatu zuela irakurri nuenean, nolatan zitekeen hori galdetu nion neure buruari. Nolatan izena ere ez zitzaidan ezaguna egiten.
Misterioa, ordea, erakusketaren izenburuak dakarkigunaz gain, besterik ere ba da. Ez da nolatan pintore hau ezezaguna zaigun jakitea, baizik eta misterioa delako, pintoreak, bere azken hamar urteetan artistaren barne egonezina eta kezka azaleratzeko behin eta berriz erabiltzen zuen terminoa. Ertz askoko artista izan zela jakin dugu eta ezin dela bere lana joera bakar batean laburbildu. Baina abstrakzioaren aitzindarietako bat izan zela esan genezake.
Ez zen erraza izango frankismoaren garai betean, ijitoa, emakumea, jakinzalea, intelektuala eta artista zen pertsona honen lana merkatuan kokatzea. Baina halaxe egin zuen Argentinan, Euskal Herrian eta Parisen, batez ere Mari Paz mugitu zen hiru herrialdeetan.
Bere lanaren gainekoak, irabazitako sariak eta artearen historiari egin zizkion ekarpenak, jasota geratu dira. Baina jasota geratu dira baita ere, niri, berebiziko arreta deitu didaten beste hainbat egitate: lehenbizikoa da senarrak eskaini zion laguntza. Garai hartan, emakume artistek, ezkontzen zirenean, lana utzi egiten zuten. Mari Pazen kasuan, ostera, alderantziz gertatu zen. Senarraren berme eta laguntzari esker egin zuen aurrera.
Bigarrena da, bizitza osoan zehar, eutsi zuen komunitate bat izan zuela alboan: ama, izebak eta ahizpa. Amak jostundegi bat zuen Donostiako alderdi zaharrean, eta han egin zuen lan Mari Pazek garai batean. Izebak dantza-irakasleak ziren eta, ahizpa, dantzaria. Guztiak ere, artistak. Elkarri momentu oro lagundu ziotenak.
Eta hirugarrena “Ahizpari gutuna” izeneko liburua da, Pamielak argitaratutakoa, zeinetan Mari Pazek bere ahizpari idatzitako gutunean bere sormen lana aurkezteaz gain, bere kezken berri ematen dion. Intimitate betean. Misterioa argituz.