Aitonak bilobari azaldu dio aurrean dituzten dorre altu horiek dauden lekuan garai batean patatak ereiteko soroak zeudela. Bere aitak lursail bat zuela bertan eta hark lurra landu bitartean, bera inguru hartan jolasten zela makilekin, harriekin... Hori esandakoan isildu egin da, eraikin garaietara begira, baina haiek ikusi gabe, ikusten ari dena oroitzapenen paisaia delako. Hiriak xurgatu duen espazio horretan igarotako haurtzaroa ikusten ari da: harriek errekatxoan dzanga egitean sortzen zuten soinua entzuten ari da, bere aitaren lixazko eskuen gogortasuna eta haren izerdiaren usaina sentitzen eta aditzen ari da…

Urteak bete ahala, inguratzen gaituen paisaiari begiratzean, gure begiradatik harago ikusten dugu. Espazio hartan behin izan ginenarekin lotzen ditugun irudiak agertzen dira. Parke bateko bankua lehen muxu baten lekukoa izan daiteke betirako; taberna bateko mahai batek elkarrizketa garrantzitsu baten oroitzapena gorde dezake; kale batek behin batean bertan jaso genuen zorigaiztoko deia gogora diezaguke handik igarotzen garen bakoitzean.

Lekuek elkarrizketak, soinuak, usainak eta emozioak gordetzen dituzte. Batzuetan gogoz gogoratzen ditugu eta beste batzuetan haiengandik babestu nahi dugu, urrunetik gogoratuz, Wislawa Szymborskak bere poema ezagun batean paisaia gogoratzen duen bezala.

Eta berdin gertatzen da pertsonekin. Ezagutzen dugun norbait ikusi eta gaur egun den pertsona izan aurretik garai batean izan zena ere ikusten dugu eta haren begiradan egun batean elkarrekin partekatu genituen paisaiak antzeman ditzakegu. Nire lagunaren begietan txikitako begirada bihurria ikusten dut; bikote ohi baten irribarrean, gure iraganeko konplizitatea; amaren eskuetan, nire haurtzaro osoa.

Louise Glück poetaren hitzetan, “Munduari behin bakarrik begiratzen diogu, haurtzaroan. Gainerakoa memoria da”. Eta oroimena, askotan jabetzen ez bagara ere, errealitate deitzen diogun hori bezain presente dago gure bizitzetan.