Lehenik eta behin, Donald Trumpek aurrera daraman kudeaketa politiko eta presidentzialari buruzko edozein analisi, hausnarketa edo iruzkinen aurrean dudan eszeptizismoa aitortu behar dut. Egia esan, ez naiz fidatzen mehatxuetan, irainean eta zakarkerian oinarritutako politika baten norabide eta burutazioetatik ondorioren bat ateratzeko gai denaz. Hala ere, bada eztabaidarik onartzen ez duen zerbait: munduko ekonomia sustoz susto doa Trumpek ahoa zabaltzen duen bakoitzean, berdin muga-zergen gerra fratrizida bat iragartzeko edota egun batzuen buruan lehorrean geldiarazteko, hiru hilabetez stand by egoeran uzteko edo Txinako inportazioei amnistia arantzelarioa dekretatzeko, betiere mugikorrak, disko gogorrak, mikrotxipak eta gainerako osagai elektronikoak badira. Eta tartean, Trumpen gertuko enpresariak egun batzuen buruan burtsan milioika dolar irabaziz, beste batzuk mingots kexatzen direnak erabaki berberek gaizki tratatuak sentituz eta denak, oro har, hurrengo xelebrekeriaren zain atzamarrak gurutzatuta. Ahaztu gabe, halaber, Putin edo Netanyahu bezalako kriminalak legitimatzeko prozesu saihestezina: azken egunotako Ukrainan eta Palestinan izandako zibilen sarraskiek ez dute gaitzespen hitz bakar bat ere merezi izan Trumpen aldetik, gatazka batekin eta bestearekin amaitzeko negoziazioen sustatzaile izateaz harrotzen den berbera, miserable...
Desinformazioa, koinadismoa, presio diplomatikoak, sabotaje ekonomikoak, xantaiak eta gezurrak, gehiegizko jarduna, beherako dialektikoa... Hau dena haren kissing my ass ospetsuan laburbilduta, hain gordina non benetako testuingurua ahaziarazten baitigu: Donald Trump, finkatutako arau ekonomikoak haratago, kinka larrian jartzen ari dela gure mundua osatzen duten nazioen komunitatearen egonkortasuna bera. Haren burutazio guztiak txalotzen dituzten AEBtik kanpoko liderrak eta alderdi politikoak, haren ispiluan begiratu eta ikusten dutenarekin pozik agertzen direnak, benetako ipurgarbitzaileak dira. Eta irabasteke asko dute. Erne gaitezen.