Nire aita, Inosen, hil zenean, hobe esanda mundu honetatik bestera abiatu zenean, orain dela hamar urte luze 98 urte zituelarik, seme alabek eskela berezi bat jarri genion egunkaritan bi esaldi zituena soil soilik: “Saseta Batailoka gudaria” eta “katea ez da eten” ziren aipaturiko bi esaldiak. Biak ongi bezain ongi laburtu eta islatzen zituen bere bizitza eta jarduna hain zuzen. Alde batetik zoritxarreko une guztiz krudeletan hartutako erabaki zaila baina irmoa eta bestetik mundu honetatik alde egitean utzi zigun ondare eta mandatu zorrotza.
Niri ere gustatuko litzaidake, bai, gustatuko litzaidake alajaina, bi horietako esaldi bat, gutxienez, azaltzea, hau da, “katea ez da eten”. Nik neuk, jakina da jadanik, “kateetan, katean” sinesten dut, katea, kate denak, kate guztiak, euskaldunon katea (k) ere, kate-begiz osatzen da, noski. Kate-begi bakoitzak lehena eta oraina eta idatzi gabeko etorkizuna lotzen ditu. Kate asko daude, mota askotakoak. Eta kate-begiak, gehiago, noski.
Eajren kateak jarraitu nahi badu, eta jarraitu behar du, etorkizuneko kate-begia nolakoa izan behar duen, eta izango den, asmatu eta jakin bezain ongi jakin behar du. Aurreikusi. Antzeman. Sumatu. Kate-begiek osatzen dute katea, eta katea lotura da, aurrekoa, gaurkoa eta idatzita ez dagoen etorkizunaren lotura. Zeren nolakoa izango ote da hurrengo kate-begia? EAJren kateak jarraitu nahi badu, eta nahi du, eta behar du, etorkizuneko kate-begia nolakoa izango den asmatu behar du, asmatu behar dugu. Nolakoa? Kate-begi guztiak desberdinak dira, garai bakoitzak bere erronkak ditu eta.
Erronkei erantzunez egin behar aurre.Belaunaldi berriei aukera ematea ezinbestekoa da, noski baietz, ezinbestekoa ez nahikoa. Kate-begia naiz, nire aurrekoak, gaurkoak eta biharkoa lotuko dituena.Eta horretarako irakurle estimatua baldintza bat dago, argi eta garbia dena hain zuzen: horren beharraz jabetzea ezinbestekoa da. Eta gero, gerotan gero, etorkizuna, geure Axularrek esaten zuena, zuzentzen ziguna: Gero… gerokoak!