Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Maiatzaren Lehena

Maiatzaren LehenaOskar Gonzalez

Maiatzaren Lehena edo Langileen Nazioarteko Eguna, langileon eskubideen aldeko aldarrikapenak haizatzen diren eguna da. Gaur egiten da, 1886an, Chicagon, zortzi orduko lanaldiaren aldeko langile-manifestazio baketsuan istilu larriak gertatu zirelako, eta han hainbat pertsona hil zirelako. Historiak dio hiri hartako Haymarket plazan hogei mila pertsona baino gehiago bildu zirela manifestazioan, aurrean ia berrehun polizia zituztela. Polizien artera jaurtikitako lehergailu batek eztanda egin zuen, eta poliziak tiro egin zuen manifestazioan ari ziren langileen kontra. Emaitza dramatikoa izan zen: berrogei pertsona hil eta berrehun zauritu baino gehiago izan ziren. Horren ondoren, hirian setio-egoera deklaratu zuten, eta ehunka langile atxilotu, kolpatu eta torturatu zituzten.

Kartzelaratu ziren anarkistei zortzi orduko lanaldia eskatzeko bultzatu ziren protestetan parte hartzeagatik, konspirazio delitua egotzi zieten eta exekutatu egin zituzten urkaturik.

Gertakari horren omenez sortu zen langileen mugimenduaren nazioarteko egun berezi hori, kurioski, Estatu Batuetan ospatzen ez dutena. Bertan, enpresa handiek, beren negozio-gizonek, eta eskumako gobernuak ere, maiatzaren 1eko ospakizunak ez egiteko ahalegin handia egin zuten, alderdi ezkertiarrek eta sindikatuek sor zezaketen eragina saihesteko. Europako eta Asiako herrialde askotan ezkerreko alderdien eragina hazi egin zen eta sistema politiko horrek bultzada berri bat eman zion Langileen Nazioarteko Egunari.

Gaur egun, faxismoaren hats higuingarria hainbat naziotan hazi da, eta horrek kinka larrian jarriko ditu langileek urteetan erdietsi dituzten hobekuntzak eta eskubideak.

Aberasten den bitartean, patronalak, mendean dituen langileak kontratatzeari edota kaleratzeari buruzko erabakiak hartzen dituen enpresaburu-taldeak beti jarriko ditu oztopoak. Adibidez, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari buruzko akordioa oraindik ez da lortu Confebasken jarrera lotsagarriaren erruz.

Hortaz, aldarrikapenerako borroka eguna da gaurkoa.