Irakaskuntza publikoko langileen greba bukatu berri da sindikatu guztiek, ELAk izan ezik, lan hitzarmen berrirako akordioa sinatu baitute. Hitzarmena lortu baino lehenago, bost eguneko greba hastear zegoela (ikasturtean zehar egin dutenen jarraipena), zabaldu ziren greben kontrako adierazpenak, ohikoa den bezala; Pradales lehendakariak berak esan zuen grebak eginez ez dela akordiorik lortzen. Baieztapen harrigarria, benetan, zeren eskarmentuak irakatsi baitigu grebarik gabe ez dela askorik lortzen. Irakaskuntzako langileek hamabost urte eman dute lan hitzarmen zahar batekin. Pentsatzekoa da hamabost urte horietan Eusko Jaurlaritzak denbora izan zuela hitzarmena negoziatu eta berritzeko, baina, grebak hasi ziren arte, lasai zeuden Lakuako agintariak. Bide batez, langile askoren borrokak aztertuz gero, askotan irakurtzen da hamar edo hamabost urte daramatela hitzarmenik gabe. Egonarri falta ezin zaie leporatu langileei.
Greba egitea ez da erraza langile batentzat: egonezina eta diru gutxiago ekarri ohi dituzte grebek, eta ahalegina eta kemena eskatzen. Sindikatuetarako ere ez da erosoa greba bat antolatzea: indarrak neurtu eta bildu behar dira, sindikatuen arteko adostasunak bilatu, negoziazio zailei etekin auskalo nolakoa atera. Faltsua da guztiz langileak zein sindikatuak grebara doazela apeta friboloek bultzatua, eskuinak eta enpresariek askotan errepikatzen diguten bezala.
Oraintxe bertan Gasteizen parkeak eta lorategiak zaintzen dituen Enviser azpikontratako langileak greban ditugu, 48 egun egin dituzte. Antzeko kasuetan bezala, honetan ere azpikontratak eta Udalak (enpresa kontratu duenak) elkarri aurpegiratzen diote egoera. Enpresak langileei zera eskaini die orain arte: bost minutu gehiago hamaiketakoa egiteko eta 25 euro gordineko igoera hilabeteko. Ez da txantxa, ondo irakurri duzue.
Grebarik egin gabe akordioak lortzea posible dela? Agian beste galaxia batean horrela izango da, baina gure planeta honetan ez, zalantzarik gabe. Galdetu, bestela, Gasteizko lorezainei.