Mugimendua da aurtengo gakoa. Mugituko gara euskaraz, eta ondokoa mugiaraziko dugu euskaraz egin dezan. Hortaz, Elkar mugituz egingo dugu. Horixe da hilaren 15etik 25era egingo den aurtengo Euskaraldiaren leloa. Eta ahalegin bateratu horretan konplizeak izango gara euskaldunok eta hizkuntzarekin lehen jolasak egiten ari direnak.
Argi dago euskaldun asko garela munduan egunero euskaraz aritzen garenok, baina Euskaraldiaren ariketa masiboaren bidez euskararen erabilera areagotzeko urratsak ematen dira modu eraginkor batean, ahalegin kolektibo ederrari loturik. Modu horretan, maiz oso erroturik ditugun hizkuntza ohiturak eraldatu, eta ia konturatu gabe, hiztun posible berri askok euskararen mundu horretan lehen pausu garrantzitsuak eman ditzakete.
Betidanik izan da ilusionagarria ekimen sozial handi hori, duela lau urte hasi zena, eta aurten izpiritu berberarekin datorrena: hizkuntza ohituren aldaketa bat eragitea euskararen alde.
Ohi den moduan bi figura edo rol izaten dira hizkuntza ariketa honetan: Ahobizi eta Belarriprest. Lehena euskaraz arituko da beti, eta bere betebeharra izango da -normala denez- lehen hitza beti euskaraz egitea. Horretan tematuko da ahobizia, eta baten batek erdaraz egin arren berak euskaraz jarraituko du. Lehen hitza euskaraz egiten dugunean jabetu egiten gara zenbat jendek ulertu eta berba egiten duen euskaraz, nahiz eta normalean, eta ohitura ezberdina dutelako, gaztelaniaz aritu.
Bigarren rola Belarriprest da, agian euskaraz modu lasaian aritzeko gai ez direnak, baina beraiekin euskaraz egiteko gonbidapena luzatzen dutenak dira.
Figura bien jardunean ez da garrantzizkoa izango euskarari buruz duten ezagutza eta jakintza maila, baizik eta jarrera.
Paparrean ipinita txapak eroango ditugu egunotan, ahoan euskara dugula adieraziz, belarritik euskara sartzeko eta entzuteko prest gaudela adieraziz.
Euskal Herri osoan dugu egunotan ekimen eder bat euskaraz hitz egiteko eta bere erabilera ariketa sinple baten bidez bultzatzeko eta areagotzeko. Aktibatu zure ahoa eta zure belarria, eta elkar mugituz egingo dugu.