Aitortu behar dut azken egunotan Gazatik iristen ari diren albiste-, irudi- eta testigantzak itzel kolpeatu nautela. Netanyahuk eta bere gobernu kriminalak prometitu zutena bihurtu dute Zerrenda: aire zabaleko hiltegi bat. Ez dago egiten ari diren basakeriarentzako inongo justifikaziorik. Ezta 2023ean 1200 israeldarren Hamasek egindako erahilketak edo oraindik bahituta mantentzen diren zibilek ere.
Izugarrikeria baten edo bestearen alde kokatu behar dugula esaten didanari, ez erantzuterik nahiago. Halaere, batak terroristak direla –bai dira, bai– baina besteak, aitzitik, defendatu eta legitimatu behar den benetako erregimen fina eta demokratikoa esaten dutenei, nire erabateko mespretxua.
Maiatzak 5ean, 77 urte bete ziren lehen Nakba, hau da, 750.000 palestinar baino gehiagoren exodo masiboa Israelgo Estatua sortzearen ondorioz, haien lurraldea eta bizitzak atzean uztera behartuta, talde armatuek zibilak sarraskituz bitartean.
Gero, 7 hamarkadetan zehar, nakba gehiago iritsi ziren. 1948ko izugarrikeriatik bizirik atera zen emakume zahar gazatar baten hitzetan, “orduan izugarri sufriarazi ziguten, orain infernua erakutsi digute.”
Duela 19 hilabetetik hona gazatarrak bizi ari diren infernua, hain zuzen: eraikin, eskola, ospitale eta errefuxiatu esparruen aurkako etengabeko bonbardaketak, baita, kalean berean, inora ihes egiteko aukerarik ez duten zibilen kontra ere, eta kanporatze aginduak, eta joan-etorri masiboak. Eta hori guztia egoera humanitario bereziki katastrofiko baten erdian, martxoan Israelek agindutako blokeo gogorra eta gero. Hola, bonbek hiltzen ez badituzte, goseak hilko ditu.
Eta orain, behin-betiko lurreko operazioak dena suntsituz, gazatarrak barne. Martxan dagoen ekintzak bibliazko izen dotore du: Gedeonen gurdiak. Miserableak...
53.000 hildako orokorrean, 500 pasata azken asteotan soilik, gehienak haurrak. Inork oraindik zalantzan jartzen al du hau zuzenean transmititutako genozidioa dela, guztion begibistakoa? Mingainari kosk egiten diot odola atera arte.