Dorothy Parkerren ipuinak berrirakurri ditut aste honetan, Mirentxu Larrañagak euskara ekarriak (Hona hemen gu biok). Eta gogoratu dut zergatik maitemindu nintzen gaztetan estatubatuar idazlearen idazteko moduaz. Istorio garratzak dira, dibertigarriak, zorrotzak, 1920-30 hamarkadetako New Yorkeko gizartearen erretratua egiten dutenak.

Luma beharrean, bisturia erabiltzen du Parkerrek eta disekzionatu egiten ditu gizakion arteko harremanak, gure miseria guztiak agerian utziz: hipokresia, jelosia, botere harremanak, injustiziak, egozentrismoa, handi-ustekeria, arrazakeria… Gizon-emakumeen arteko harremanetan zentratzen da ipuinetako askotan: bikoteen asperdura, ulertu-ezinak, inkomunikazioa, batera egonda ere sentitzen duten bakardadea… Parkerren biografia ezagututa (bitan banandu zen, harreman liskartsuak izan zituen, behin baino gehiagotan saiatu zen bere buruaz beste egiten…) sentitzen dut ipuin horiek minetik eta munduarekiko sentitzen duen haserretik sortuak direla. Eta, hala ere, umorea eta ironia dira nagusi ipuinotan.

Etengabeko irri maltzur bat sorrarazten du irakurlearengan; etengabeko konplizitate bat, garai hartako New York ezagutu ez badugu ere, hor ageri diren emozioak ezagunak ditugulako. Eta liburua itxi bezain pronto, pentsatu dut literaturak sekulako ahalmena duela gure emozioak eraldatzeko. Hau da, duzun min bat kontatzeak, min hori beste gauza bat bihurtzen du. Parkerrek ironia eta umorea erabili zituen bere haserre guztia gizartearen kritika adimentsu eta zorrotz bihurtzeko. Eta eguneroko bizitzan ere, gertatu zaiguna kontatzeak gure emozioak aldatzen ditu: kalean estropezu egin eta jausten baldin bagara, adibidez, sekulako lotsa senti dezakegu.

Baina, ondoren, lagunei gertatu zaiguna geure buruari barre eginez kontatzen diegunean, lotsa beste zerbait bihurtzen da. Jada ez da lotsa, gertakizun barregarri bat baizik. Gertatutakoa kontatzeak, gertakizun horrek gure barnean sortutako emozioa eraldatzen du. Horra hor literaturaren eta idaztearen botere eraldatzailearen beste adibide bat.