Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Ustel

UstelPEXELS

Euskaltzaindiak euskaraz dugun hiztegia potolotzen segitzen du, hizkuntza modernoago eta erabilterrazago bilakatzeko xedez. Azken egunotan horren inguruko albistea izan dugu, izan ere, Euskaltzaindiak 774 forma berri jaso ditu bere hiztegian eta beste 1.635 forma zuzendu edo osatu ditu. Lan nekosoa izan behar da, hitzen nondik-norakoak definitzen eta taxutzen ibili behar, ohikerietan erori barik, eta etimologia zehatzena galdu barik. Hortaz, lan bikaina egiten du akademiak.

Atalez atal, edo ofizioz ofizio egiten du aurrera gure hiztegiak, eta hala, sukaldaritza modernoari keinua eginez, hemendik aurrera esan dezakegu, saltsa bizkaitar, saltsa beltz, saltsa napolitar, edo farfalle. Ardogintzaz ere beste joritasun batekin mintzatuko gara hemendik aurrera, chardonnay, somontano, armagnac, orujo, edo erreserbako ardoa, mahaiko ardoa eskatzen dugunean.

Bestelako forma batzuk ere jaso dira: amigdalitis, asperger, meme, somnanbulu, lanaldi partzial, botox, ganorabakokeria, haluzinagarri, makiaveliko,… Beste hitz askoren definizioak hobetu dira. Tartean ditugu, gratinatu, autismo (nahasmendu psikologikoa, norberaren barnera biltzea eta kanpoko munduarekiko interes falta ezaugarri dituena) edo tximino (hominidoa ez den primatea).

Euskaltzaindiak osaturiko zerrenda horrek bide ematen dit lerro poetiko batzuk osatzeko, akaso. Izan ere, hominidoak ez diren primate asko ikusten dira egunero Espainiako politikan, kontu makiavelikoak egiten, ganorabakokeriatan murgilduta, somnanbulu gisan, egoera atzerakoiak bultzatzen eta antolatzen. Ultra-eskuineko jendea, meme hutsa osatzen duena, proposamen haluzinagarriak egiten ditu Espainiako gobernuaren kontra korrupzioa dela eta, beraiek korruptorik ustelenak (hala esan badaiteke) diren bitartean. Kopetan zazpi azal dituzte.

Portzierto, pertsona korruptoa, pertsona ustela esan daiteke euskaraz, eta korrupzioari ustelkeria (Kargudun edo enplegaturen batek, bere egoeraz zilegi ez den moduan baliatuz, diru edo onuren truke, inoren mesedetan aritzeari amore ematea).

Beraz, ustel-usaina dario Espainiako politikari.