Atzoko Berria egunkariko zutabean, munduari eusteko bi era bereiz daitezkeela zioen Andoni Egañak. Bata, konplikatua, eta, bestea, xinplea. Eta, berehala, euskararekin lotu nuen ideia. Bizi dugun egoerarekin eta egoera horri aurre egiteko proposatzen ditugun eginkizun, plan eta politikekin.
Muturtuta eta arrazoi eske gabiltza egunotan, azken hilabeteetan administrazio publikoaren arloan nozitzen ari garen judizializazioaren inguruan hartu beharko genituzkeen erabakiak direla eta. Hilabeteak ez ezik urteak daramatzagu esaten, bidegurutze batean gaudela. Jauzi bat eman behar dugula. Orain arteko politikek ez dutela balio. Bizi dugun gizarte egoera berriari erantzun berri bat eman behar diogula.
Bada, eginbehar honi eusteko ere, bi era bereiz daitezkeela esan liteke: konplikatua eta xinplea, nahiz eta xinple adjektiboaren ordez, trinkoa edo bateratua erabiliko nukeen.
Euskararen etorkizunari buruz hitz egiteko batzartzen garen bakoitzean, euskararen mundua ukitzen duten ertz guztiak aztertzen saiatzeko eskatzen zaigu: euskara ikasteko baliabideetatik hasi, euskara euskal lurralde guztietan ofiziala ez izatearen arazoarekin jarraitu, euskaren judizializazioaren aferatik pasatu eta adimen artifizialaren erronkarekin bukatuz. Errealitate konplexua, benetan. Eta areago konplikatzen eta tentsionatzen dena, alderdiek nork bere proposamenak txertatzen dituztenean.
Konplexua da, bai, euskararen biziberritzearen kudeaketa. Aldagai askok eragiten dutelako eta aldagai guztiak kontuan hartu nahi ditugulako, horretarako, nork bere ikuspuntua lehenetsiz.
Jauzia non eman behar dugun erabaki beharko genuke. Ekuazioa sinplifikatu. Eta landu behar dugun ardatz nagusia zein den bateratu. Bestelakoak ahaztu gabe. Baina bestelakoetan denbora eta indarrik galdu gabe.
Ardatza, momentu honetan, euskararen erabilera areagotzea da. Kalean euskara bizi dadin lortzea. Eta euskara ez instrumentalizatzea. Bestela, alferrikoak izango dira orain hain ezinbestekotzat jotzen ditugun lege eta anparauak.
Egin dezagun jauzi fokoa bateratzen eta errazten.