Larunbatean izan zen, eguzki galdatan, Tolosako Euskal Herria plazan. Orain arte ikusi gabekotzat jo dute komunikabide hainbatek. Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, aginte-makila esku artean zuela, Gipuzkoako alkatez osatutako giza-katea bateraratu zuen, soka-dantzaren harira. Ipuscoa izenaren lehen agerpenaren ospakizuna izan zuen estakuru, lurraldearen aldeko batasuna irudikatzeko. Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea izan zen hitza hartzen lehena. Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea, hurrena. Eta Mendoza andrea, hirugarrena eta azkena.

Lurraldearekiko aipuak izan ziren gehientsuenak hiruren ahotan ere, Gipuzkoako eskualde eta herri guztietako biztanleak barne hartzen zituzten hizketaldiak. Dantzan eta kantuan egiten dakien herriaz mintzatu zen Diputatu Nagusia. Daukana ospatzen dakien herriaz. Daukana partekatzen ikasi duen herriaz. Martinez de Rituertok Euskal Herria plazan egin zen bertaratzea izan zuen hizpide, euskarak batzen duen herri hedatua gogora ekartzeko.

Lurraldearen batasuna eta lurraldearen aldeko lana bat eta bakarra dela irudikatu zuten soka-dantzan parte hartu zuten herrietako alkateek. Soka bat bera dela. Hainbatek dantzan ere egin zuten, nork bere abileziak erakutsiz, pausu diferenteak emanez, baina musika beraren agindupean.

Sinbolikoa izanagatik ere, eta gupidarik gabe zigortzen zuen eguzkiaren menera, ederra izan zen ekitaldian parte hartzen zuten kide guztiak batzen zituzten arrazoiak benetan errotikoak direla ikustea. Antzezpenak merezi zuelakoarekin ados zeuden seinale. Gauza bat eta bera sentitzen zutenaren agerkizun. Musikaren erritmopera dantzariak batzen diren bezala. Eskuak eta asmoak oratuta.

Dantzan eta kantuan egiten duen herriak badu zerbait batzen duena: ospakizunerako arrazoia ez bada ere. Elkarrekin egindako lanaren emaitza. Aurrera egin izanaren ziurtasuna. Hizkuntza bat. Denbora eta espazio partekatua. Izena. Izana. Historia. Bizipen oso bat.